Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Donostian, emakume bati ukituak egiten ahalegintzea egotzita

Larunbat goizaldean izan zen erasoa, Donostiako Aste Nagusiaren atarian. Getxon ere gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita. Gasteizen, bestalde, elkarretaratzea egin dute 13:00etan, larunbat goizaldean gertatu zen sexu erasoa salatzeko.

Eraso matxisten aurkako elkarretaratzea, Gasteizen, joan den astelehenean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2019ko abuztuaren 12a
15:08
Entzun

Aste Nagusia hasi baino ordu batzuk lehenago atxilotu zuten gizonezkoa, larunbat goizaldean. Antza, emakume bati ukituak egiten ahalegindu zen gizona, emakumeari eta harekin zegoen lagunari oldartuta. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 01:30 aldera izan zen erasoa, Ategorrieta hiribidean. Gizonezkoak 33 urte ditu, eta atxilotu eta egun berean utzi zuten auzitegien esku, larunbat arratsaldean. Gizonezkoa aske gelditu da dagoeneko.

Donostiako Udalak gaitzetsi egin du erasoa, eta esan du "Aste Nagusitik at jazo den istilua" izan dela. Halaber, adierazi dute jarrera horiek "emakumearen askatasuna eta duintasuna gutxiesten" dutela. Hala, "herritar guztien, eta batez ere emakumeen, oinarrizko eskubide ororen urraketen aurrean adi egoteko" deia egin dute, "guztiak askatasunez bizi gaitezen".

Sexu erasoa Getxon

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Getxon ere gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, Algortako etxebizitza batean adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita. Larunbat goizaldean izan zen erasoa. Erasotzailea 05:30 aldera atxilotu zuten, eta erasoa jasan zuen adin txikiko emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten. Gizonezkoa baldintzapean aske geratu da, epailearen aurretik igaro ostean.

Getxoko Udalak gaitzetsi egin du erasoa. Elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari, eta "genero desberdintasunean oinarritutako jarrera sexista guztiak" arbuiatzen dituela nabarmendu du. Erasoa salatzeko, elkarretaratze instituzionala deitu du udalak. Bihar izango da, hilaren 13an, 12:00etan, udaletxeko eskaileretan.

Elkarretaratzea Gasteizen

Elkarretaratze bat egin dute Gasteizen, 13:00etan, larunbat goizaldean gertaturiko sexu erasoa salatzeko. Gasteizko Udaleko talde politikoek antolatu dute, Plaza Berrian. Erasoaren harira, Ertzaintzak 28 urteko gizon bat atxilotu zuen Gasteizen, emakume bati sexu erasoa egitea eta hura jotzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman zuenez, gazte kuadrilla bat zebilen Foruen plazan larunbat goizaldean. 05:20 aldera, gizon bat hurbildu zitzaien, eta ukituak egin zizkion andre bati. Emakumeak kargu hartu zion gizonari, eta erasotzaileak ukabilkada bat jo zion aurpegian. Andrea korderik gabe utzi zuen, eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten. Haren lagunek eutsi zioten erasotzaileari Ertzaintza iritsi arte, eta atxilotu egin zuten lekuan bertan.

Gasteizko Udaltzaingoak 32 eta 39 urteko bi gizon ere atxilotu ditu asteburuan, bikotekideen aurkako indarkeriagatik.

Bilboko talde bortxaketaren harira, berriz, Bilboko Udalak jakinarazi du hasi dituela tramiteak auzian herri akusazio gisa aurkezteko, joan den astean aurreratu zuen gisan. Abuztuaren 1ean gertatu zen erasoa: 18 urteko neska batek salatu zuen hainbat gizonek eraso egin ziotela. Hurrengo egunean atxilotu zituzten sei gizon; abuztuaren 4an, epaileak atxilotuetako bi espetxeratu zituen, eta gainontzeko laurak aske utzi. Ostegunean, Espainiako Poliziak berriro atxilotu zituen lau horiek, Atzerritarren Legea aplikatuta (Aljeriakoak dira jaiotzez); baliteke kanporaketa prozesu bati ekiteko lehen urratsa izatea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.