Emakume bati sexu erasoa egiten saiatu delakoan, gizon bat atxilo hartu du Ertzaintzak Donostian. Hilaren 17an, larunbatarekin gertatu zen ustezko erasoa; bi andreri atzetik segitu zien gizonak, eta, ezkaratze baten parera iritsitakoan, haietako bati eraso zion, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera. Salaketak dio gizonak bultzatu egin zuela emakumea eta galtzak jaitsita hura behartzen hasi zela. Erasoa pairatu zuen andrearekin zihoan beste emakumeak aurre egin zion erasotzaileari, eta lortu zuten handik ihes egitea. Salaketa jarri zuten polizia etxean, eta Ertzaintzak herenegun atxilotu zuen ustezko erasotzailea. 37 urte ditu gizonak, eta ez dauka aurrekaririk. Epailearen aurrera eraman dute.
Gasteizen, bikotekideari eraso dio behin berritan gizon batek, ustez. Atxilotu egin dute. Emakumeak salatu du gizonak eraso egin ziola herenegun goizean; lurrera bota zuen eta hiltzeko mehatxua egin zion, bien alaba —adingabea bera— aurrean zelarik. Gizona etxetik joan zen, eta andreak Poliziari eta senide bati hots egin zien. Ertzainak iristerako gizona itzulia zen etxera, eta eraso egin nahi izan zion andreari; ordea, senide bat han zen ordurako. Hari eraso zion gizonak, eta zauri ugari egin zizkion aurpegi aldean.
Ertzainek atxilo eraman zuten gizona. Emakumeak jakinarazi zien zazpi urte daramatzala bikotekidearen erasoak jasaten. Herrizaingo Sailak esan eman du aurrekari ugari dauzkala gizonak genero indarkeriagatik; oraingo bikotekideari ez ezik, aurrez izandako beste bati ere eraso zion.
Beste bi gizon ere atxilotu zituen herenegun Ertzaintzak. Urnietan (Gipuzkoa), gizon batek bikotekidearen autoa jo zuen berearekin apropos, eta autoko kristala jotzen aritu zen, andrea barruan zela; herritar batek eman zuen abisu; ertzainek esan dute gizonak urruntzeko agindua daukala. Barakaldon (Bizkaia), beste gizon batek hautsi zuen agindua.
Nafarroako taldeak, bat eginik
Bestalde, Nafarroan talde batean bildu dira 30 emakume elkarte. Berdintasunaren alde egitea jarri dute helburu nagusi: taldeen arteko elkarlana sustatzea, emakumeen parte hartzea bultzatzea eta erakundeen aurrean indar egitea, besteren artean. Elkarte independentea da sortutakoa, eta ez du zerikusirik erakundeekin.
Gizon bat atxilotu dute, emakume bati eraso diolakoan
Ezkaratze baten parean andrea behartzen saiatu zen gizona, ustez, baina emakumearen lagun batek aurre egin zion
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu