Hilketa arratsaldeko zazpiak eta laurden aldera gertatu zen, Miarritzeko hirigunean, hondartza handitik 200 metrora dagoen auzotegian, polizia etxetik hurbil. Lekukoek adierazi zuten bi tiro hots entzun zituztela eta gerturatu zirelarik bi gorpu atzeman zituztela lurrean etzanik. Gizona hilik zegoen, eta emaztea hilzorian. Berehala dei egin zieten sorospen zerbitzuei. Azken horiek emaztea bere onera ekartzen saiatu ziren, baina alferrik. Zauria larriegia zen, eta handik gutxira zendu zen. Udaltzainek inguruko bideak itxi zituzten, ikerketa egin behar zuen Poliziaren zain.
Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak argitasun gutxi eman zituen atzo gertakariaren inguruan. Baieztatu zuen gizonak emaztea hil zuela eta ondoren bere buruaz bertze egin zuela, bularrera tiro eginez. Inkesta daraman polizia judizialak azaldu duenez, gizonaren gorpuak hori ematen du aditzera.
Tiroa hurbiletik egin zuen gizonak. «Ehiza fusila baliatu zuen gizonak, kanoi motzekoa», Kayanakisen arabera. Alta, saltegietan ez dago horrelako ehiza fusilik, eta prokuradoreak ez du horren inguruko azalpenik eman. Inkesta dagoen unean egonik, ez dakite berak moztu ote zuen eta zertarako. Motzagoa izanik, inor ohartu gabe aiseago eraman zezakeela soinean nabarmendu zuen Kayanakisek.
Hilketaren arrazoiei dagokienez, horiek finkatzeko goizegi dela azaldu zuen. Gizonaren gorpuan eskutitzak atzeman zituzten. Batzuk Poliziarentzat eta bertze batzuk familiarentzat. Poliziak ez du denborarik izan gutun horiek sakon ikertzeko. Hala ere, gizonaren idatzietan arrangura nagusi dela azaldu du prokuradoreak. Gutunetan familiako hainbat kideri idatzi diela dirudi, baina deusek ez du aditzera ematen zein izan daitekeen hilketaren arrazoia.
Hilketaren abiapuntuan gizonaren jarrera jeloskorra egotea ez du baztertzen Kayanakisek. «Duela 30 urte banandu ziren, eta zaila da sinestea hainbeste denbora pasatu eta gero, adin horretan, jeloskortasuna izan daitekeenik hilketaren arrazoia, baina ez dugu ikerketa lerrorik baztertzen». Ezkontzak iraun bitartean, bi haur ukan zituen bikoteak.
Segadaren hipotesia ahul
Hilketa gertatu eta berehala, zurrumurruak ugaldu ziren; horien artean, beste pertsona bat ikusi zuten lekukoen testigantza. Lekuko batek adierazi zuen burua estalita zeraman gizon bat ikusi zuela, Frias karrikatik lasterka alde egiten. Poliziak lekuko guztiak eta auzokideak galdekatu ditu, eta hipotesi hori baztertu behar dela adierazi zuen Kayanakisek. Urduritasunean egindako adierazpena dela erran du. Gizonaren gorpua agertu den moldean, suizidioaren tesia sinesgarriena dela dio prokuradoreak. Gutunen edukiak interpretazio hori indartzen duela gaineratu du, gainera.
Hala ere, puntu bat ez da argi gelditu gertaera horretan. Gizonezkoa Miarritzen bizi zen, Frias karrika dagoen auzotegian. Emaztea, aldiz, Angelun bizi zen. Prokuradoreak ez daki oraindik zergatik joan zen emaztea gizonarengana.
Galdera horiei erantzuna emateko asmoz, gizonaren eta emaztearen etxeak miatu ditu Poliziak, baina hilketari argia eman diezaiokeen deus ez aurkitu gabe. Prokuradoreak ez ditu jakitera eman gizon eta emaztearen izenak.
Poliziak hildakoen familia eta lagunak galdekatu nahi ditu. Lan horretan traba guztiak baztertu nahi dituela azaldu du Kayanakisek, baita ere gizartean zabal daitekeen presioa. «Emazteak ez zuen gizonaren aurkako salaketarik jarri, ez ezkonduta egon zirelarik, ez gero». Gizonak ez zuen tratu txarren salaketarik izan, ez emakume horrekin ezkonduta egon zen sasoian, ez eta banandu ondoren ere.
Puntuz puntu
AURREKO HILDAKOAKAstelehenean Miarritzen jazotako heriotzaren aurretik, beste lau andrazko hil dira aurten bikote, bikotekide ohi edo semeek hilda. Hona aurreko kasuak:
Elena Cal. Genero indarkeriaren ondorioz hildako lehendabiziko emakumea izan zen. 45 urte zituen, eta ustez bikotekide ohiak hil zuen, Tolosan (Gipuzkoa), urtarrilaren 17an.
Amelia Sanchez. 65 urteko emakumea. Ustez semeak hil zuen, Barakaldon (Bizkaia), iragan otsailaren 8an, labankadaka. Bereizi ostean etxera gurasoengana itzulia zen semea.
Isabel Velez. 48 urteko andrea. Ustez semeak hil zuen, labankadaka, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), otsailaren 19an.
Amelia Amaya. 48 urteko emakumea. Bilboko Txurdinaga auzoan hil zen, uztailaren 25ean. Berehala atxilotu zuten bikotekidea, heriotzarekin lotura izan zezakeelakoan; haren ama eta anaia ere atxilotu zituzten, delitua ezkutatzen saiatzea egotzita.
Emaztea hil zuela onartu du Alain Bossuetek epaiketan
Alain Bossuet baionarrak ez du deus ukatu atzotik Pauen egiten ari diren Assissetako auzian. Lilian Nard emaztea hil zuen etxean, 2007an. Epailearen aitzinean hilketari buruzko xehetasun guztiak eman zituen, sentiberatasun edo erru arrastorik agertu gabe. Bossuetek ez du sekula ukatu bikotekidea hil izana. Biak ziren ezinduak, eta bikotea garbigelara eraman, bainuontzian sartu eta labankadaz hil zuen, lepoa moztuz.Auzipetuak eritasun psikikoa nabarmendu nahi izan du, baina epailearen galderek aitortu arazi diote etxetik hartu zuela emaztea hiltzeko aiztoa. Gaixotasuna nabarmenduz, espetxe zigorra erietxean pasatzeko aukera ukanen zuela pentsatu du Bossuetek.Lau herritarretatik batek genero indarkeria hurbil dauka
EB Europako Batasuneko datuen arabera, lau herritarretatik batek genero indarkeria kasuren bat hurbiletik ezagutzen du. Europako Batzordeko Justizia eta Oinarrizko Eskubideen komisario Viviane Redingek asteon esan du genero indarkeriak aparteko lekua izango duela berdintasunaren aldeko estrategian.Telefonoak
Badira hainbat telefono zerbitzu bereziki genero indarkeria jasaten duten emakumeentzat. Honakoak dira:900-84 01 11. Eusko Jaurlaritzako genero indarkeriaren biktimen arretarako zenbakia da.
016. Espainiako Gobernuak kudeatutako zerbitzua eskaintzen dute.