POLITIKA

Gobernantza aztergai Eusko Ikaskuntzaren azkenaurreko kongresu saioan

Donostian egingo dute saioa, bihar. Oñatin hilaren 23an kongresua amaitu aurreko azken saioa izango da.

Joan den ostiralean Bilbon eginiko saioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2018ko azaroaren 15a
12:57
Entzun

Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresuak beste pauso bat emango du bihar, ostiralez, Donostian. Bertan jorratuko dute gobernantza demokratikoaren arloa, ikuspegi ugaritatik. Izan ere, hizpide izango dituzte, besteak beste, erabakitzeko eskubidea, lurralde arteko lankidetza, Europako Batasunaren integrazio prozesua, kohesioa eta abar. 09:30etik 19:00etara elkartuko dira, Tabakaleran.

Mario Zubiaga eta Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako XVIII. Kongresuko Batzorde Zientifikoko bozeramaileek zabalduko dute saioa, gobernantzaren alorrean hilabeteotan eginiko bidea eta emaitzak aurkezteko. Ondoren, Bruno de Witte Maastrichteko Unibertsitateko irakasleak hizpide izango du Europako Batasunaren integrazio prozesua eta lurraldeek prozesu horretan izandako rola. Globernance Institutuko kide eta Filosofia Politikoan doktoreak gobernantzaren eraginez eta mugez jardungo du, eta, segidan, Merce Barcelo Bartzelonako Autonoma Unibertsitateko irakasleak erabakitzeko eskubidea izango du mintzagai.

Arratsalderako, Agenda partekatuen bila: Euskal Erakundeen hausnarketa izeneko mahai-ingurua antolatu dute, eta demokratizazio prozesuez nahiz lurralde kohesioaz ariko da Joan Subirats Politika Zientzietako katedraduna. Jule Goikoetxea EHUko irakasleak “burujabetzaren printzipio demokratikoak” aztertuko ditu, eta lurralde lankidetza ereduak Argitxu Etxandik (Udalbiltza).

Eusko Ikaskuntzak urriaren 5ean abiatu zuen 18. kongresua, Baionan, Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea izenburupean. Urriaren 19an, Euskararen etorkizuneko eszenarioak elkarrekin eraikitzen saioa egin zuten Gasteizen, eta gizarteaz eta kulturaz gogoetatu zuten urriaren 26an, Iruñean. Azaroaren 9an, berriz, garapen sozioekonomikoaz jardun zuten Bilbon.

Donostiakoa igarota, Eusko Ikaskuntzak Oñatin (Gipuzkoa) aurkeztuko ditu kongresu saio guztietako ondorioak, azaroaren 23an. Hurrengo egunean, hilak 24, erakundearen mendeurrena ospatzeko ekitaldiak egingo dituzte Gipuzkoako herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.