JAURLARITZA

Gobernu akordioa lortu dute EAJk eta PSE-EEk

Bi alderdien esanetan, akordioaren helburua izango da «ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzea, zerbitzu publikoen eta gizarte publikoen defentsan oinarrituta eta autogobernu zabalago eta hobea lortzea xede». Bi alderdien barne organoek berretsi behar dute orain hitzarmena.

Idoia Mendia eta Miguel Angel Morales PSEko kideak eta Joseba Aurrekoetxea, Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu EAJkoak, Bilbon, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen osteko lehen bileran. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2020ko abuztuaren 27a
09:28
Entzun

EAJk eta PSE-EEk gobernu akordio bat lortu dute datorren legealdirako. Bi alderdietako zuzendaritzak gaur batzartu dira. Orain, hitzarmen hori berrestea falta da: jeltzaleen Biltzar Nazionala astelehenean bilduko da oniritzia emateko, eta sozialistek kontsulta bat egingo dute militanteen artean.

Bi alderdiek argitaratutako ohar bateratuaren arabera, akordioaren ardatz nagusiak dira «ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzea, zerbitzu publikoen eta gizarte publikoen defentsan oinarrituta eta autogobernu zabalago eta hobea lortzea xede». Zehazki, hiru baldintza eta lau ardatz adostu dituzte gobernuaren jardunerako; aurrenekoei dagokienez, baldintzen artean jaso dituzte herritarren osasuna bermatzea eta «ekonomia eta enplegua suspertzea, pandemiaren aurreko mailak berreskuratzeko, baina erronka eta behar berrietara egokituta». Horrez gain, nahi dute «inor ere atzean ez uztea gizarte kohesionatu batean herrialdeko inbertsiorik onenentzat jotzen diren parametroetako bakar batean ere».

Hori horrela, 2016an osatutako akordioa berrituko dute bi alderdiek. Programari buruzkoa da akordioa, eta hemendik aurrera gobernuaren osaketa izango dute zehazteko.

Ikusteko dago bi alderdiek nola kudeatuko dituzten desadostasunak. Autogobernuaren alorrean, azken legealdian ez dira bat etorri jeltzaleak eta sozialistak, eta espero da oraingoan ere 2016an adostutako formulari eustea; alegia, desadostasun adostu gisa uztea gaia, eta alderdi bakoitzak askatasuna izatea Eusko Legebiltzarrean bere jokabidea defendatzeko. Gaur bi alderdiek argitaratutako oharrak 2016ko akordioan jasotako eduki bera dakar: «Autogobernua eta Gernikako Estatutua osorik bete dadila defendatu behar dugu, eta estatutu-itun berri bat lortu behar dugu hurrengo belaunaldiarentzat».

PSEk martxan jarri du militantziaren akordioari buruzko iritzia galdetzeko prozedura. Galdeketa bat egingo du, eta afiliatuek botoa eman ahal izango dute igandean eta astelehenean, telematikoki (20:00ak arte), eta, aurrez aurre, astelehenean bertan; bozkaleku bakoitzak ezarriko du bere ordutegia.  «PSE-EEk Euskadiren gobernabiderako akordio bat lortu du EAJrekin. Babesten al duzu akordio hori? Bai / Ez», dio galderak. PSE-EEko eta alderdiaren gazte antolakundeko 5.000 kide baino gehiago daude boto ematera deituta.

Gaur zortzi egingo dute Jaurlaritzako lehendakaria aukeratzeko saioa Eusko Legebiltzarrean, eta bihar amaituko da saio horretarako hautagaitzak aurkezteko epea. Hain justu, EH Bilduk gaur goizean jakinarazi du indar subiranistak Maddalen Iriarteren hautagaitza aurkeztuko duela, «erantzukizun politikoagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.