Gobernua berehala uzteko eskatu dio Bilduk PSNri

UPNk zalantzan jarri du sozialisten azalpena, eta esan du iragarritako neurriek Jimenezen oniritzia dutela

Erredakzioa
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Bilduk PSNri eskatu dio Nafarroako Gobernua «berehala» uzteko. Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia sailburuak herenegun iragarri zituen murrizketek «gobernu krisia» eragin dute Nafarroan, eta PSNk iradoki zuen UPNrekin duen akordioa hautsiko duela UPNk asmo horietan atzera egin ezean. Gertakari horren karietara, Maiorga Ramirez eta Aitziber Sarasola Bilduko kideek agerraldi bat egin dute, eta sozialistei eskatu diete «itxurakeriak» alboratzeko eta gobernua uzteko.

Ramirezek zalantzan jarri du Nafarroako Gobernua UPNren «aldebakarreko» erabaki batengatik sartu izana krisian—hala diote sozialistek—. «Ohituta gaude PSNren ordezkariak entzutera egun batean gauza bat esaten eta ikustera hurrengo egunean beste gauza bat egin dutela», adierazi du Bilduko parlamentariak. «Ez dakigu itxurak egiten ari direnedo ez. Baina, zoritxarrez, PSNren arduradunek egun batean gauza bat esaten dute, eta hurrengoan beste bat egiten dute». Horren harira, Ramirezek salatu du joan den irailetik PSN «laguntzen eta babesten» aritu dela «Nafarroak inoiz izan duen politika ekonomikorik atzerakoienetako bat», eta, politika hori «porrot bat» izan dela konturatuta, gobernu ituna haustekoeskatu dio. «Itxura egiteak ez du balio; garai hauek ekintza zehatzak eskatzen dituzte».

Sarasolak, berriz, adierazi du 132 milioi euroko doikuntza «beste kolpe bat» dela Nafarroako herritarren ekonomiarentzat, eta salatu du gobernuak ez duela oraindik zehaztu «zertan murriztuko» duen.

Kritikak kritika, UPNk ziurtatu du ez duela hitzarmenik hautsi sozialistekin, eta adierazi du iragarritako doitze neurriek Roberto Jimenez gobernuko presidenteordearen eta PSNko idazkari nagusiaren «oniritzia» dutela. «UPNk ez du egin aldebakarreko iragarpenik , sozialistek egotzi diguten bezala», adierazi du Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak, komunikabideetara igorritako ohar batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.