Gobernuak dio ez duela onartuko «Batasunaren segida» den alderdirik

Ezker abertzaleak «ETArekin apurtzeko aukera paregabea» duela uste du Francisco Caamañok

Erredakzioa
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak datorren astean erregistratuko duen alderdi politiko berria auzitara eramango du Espainiako Gobernuak alderdi hori «Batasunaren pantaila edo haren segida bada». Hala mintzatu da Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroa Kataluniako TV3 telebista katean eginiko elkarrizketa batean. Caamañoren arabera, ezker abertzaleak legezkoa izan nahi badu, «ETArekin apurtu» behar du. «Aukera paregabea du orain. Bide onetik ari dira, baina haiek dira mugitu behar direnak. Demokratok gure lekua defenditzen jarraitu behar dugu».

Antzeko hitzak izan ditu Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Ezker abertzaleak «ETAren indarkeriatik urrundu» behar duela adierazi du. «Gainontzeko alderdiek bezala instituzioak eta besteen ideiak errespetatu behar dituzte: ahotsa, hitza eta botoak erabili behar dituzte».

Astelehenean Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldi batean aurkeztuko du ezker abertzaleak antolakunde politiko berria, eta, aste horretan, erregistratuko ditu alderdiaren estatutuak Espainiako Gobernuko Barne Ministerioan.

Lokarrik antolatu du ekitaldia, eta bertara gonbidatu ditu Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak. Info7 irratiari eginiko adierazpenetan, Paul Rios Lokarriko bozeramailea baikor azaldu da. «Estatutuak eskuan, ez luke arrazoirik egon behar legez kanpoko egoera honi eusteko».

Riosek, halaber, iragarri du Brian Currin buru duen Nazioarteko Harreman Taldeko kideak europarrak direla, eta «gatazkaren konponbidean adituak», nabarmendu du. Euskal Herrian laster izango direla esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.