Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren eskuetan utzi du Espainiako Gobernuak Sortu ezker abertzalearen alderdi berriaren legeztatzea auzitara eraman edo ez erabakitzeko ardura. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea eta Barne ministroak jakinarazi duenez, gobernuak uste du «Batasunaren jarraipena» dela Sortu. «Agerikoa da [Sortu] legez kanporatutako Batasuna dela», adierazi du Rubalcabak.
Erabaki hori hartuta, Sorturen erregistroa eten du Barne Ministerioak. Orain, hogei eguneko epea izango dute Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak, Barne Ministerioak igorritako poliziaren eta zerbitzu sekretuen txostenak aztertu ondoren, kasua Auzitegi Gorenaren esku utzi edo ez erabakitzeko.
Ministroen kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan jakinarazi zuen Rubalcabak gobernuaren erabakia, atzo. Barne ministroaren arabera, ustezko lotura horren froga nagusia da alderdi berriaren «atzean» ezker abertzaleko kideak egotea. «Legez kanporatutako Batasunaren ekimen bat da, eta ondo diot Batasuna diodanean, ez baitira ezkutatu. Sortu ez da zerutik erori», adierazi du.
Legez kanporatutako alderdietako kideek alderdi berriarekin zerikusia izateak eta horrek Sortu legeztatzea edo ez erabakitzeko orduan zer-nolako pisua izango duen galdetuta, gai hori epaileek aztertuko dutela ohartarazi du Rubalcabak.
Izan ere, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren arabera, ezker abertzaleko kideek alderdi berri bat osatu ahal dute, baina haiei dagokie frogatzea ez dagoela jarraipenik, «gaitzespen edo arbuio jarrera baten bidez». Halaber, arbuio horrek ETAren indarkeria espresuki bildu behar duela dio.
Sortuk bere estatuetan indarkeria mota guztiak eta, bereziki, ETAren indarkeria errefusatu izana «berrikuntza» bat dela onartu du Rubalcabak, baina gaineratu du aipamen horiek zein ezker abertzaleko kideek ez dutela «sinesgarritasunik».
Oso bestelako ustea dauka Jesus Egigurenek. Alderdi berriaren estatutuak aurkeztu zituzten ezker abertzaleko ordezkariengan «konfiantza osoa» duela esan du, eta aurkezpena haiek egin izana nabarmendu du. Egigurenen ustez, iraganarekin hautsi dutela erakutsi dute estatutuak aurkeztu eta landu dituzten ezker abertzaleko kideek, eta ezker abertzalearen estrategia berria «oinarrien iritziaren isla» dela gaineratu du.
Nolanahi den, Barne Ministerioaren erabakia txalotu du Egigurenek, Sortu legezkoa izan behar duela uste duen arren. «Ezker abertzaleak legezkoa izan behar badu, hobe da epaitegien bedeinkapenarekin izatea». PPren mesfidantza ulertzen duela esan du, baina salatu du alderdi horrek hauteskunde interesekin nahastu nahi duela auzia. «Egoera gaiztotzen ari dira», salatu du. Rubalcabak azaldu duenez, gobernuak «harreman gardena» dauka PPrekin.
EAJk, aldiz, kritikatu egin du gobernuaren jarrera. Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren «tramitetik» pasa gabe Sortu legezkoa izan behar duela uste du. Josu Erkoreka diputatu jeltzalearen iritzian, oposizioaren jarrera leuntzeko asmoz egin du urrats hori, Faisan auzia dela-eta PPk jopuntuan hartu baitu Barne ministroa. Hori hala, Sorturen legeztatze prozesua epaileen esku uzteko erabakia Rubalcabak berak hartu duela uste du Erkorekak. «Gobernuaren erabaki garrantzitsu guztiak kontrolatzen ditu berak. Berak esaten du zer egin eta zer ez. Berak dauka aginte makila».
Gobernuak epaileen esku utziko du Sortu, «Batasunaren segida delako»
Barne Ministerioaren arabera, argi dago alderdi berriaren «atzean» legez kanpoko alderdietako kideak daudelaEAJk uste du PPren presioari aurre egiteko hartu duela erabakia Barne Ministerioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu