Urte erdi bete du karguan Dobaran sailburuordeak, eta bide horretan egindakoaz eta aurrera begirako asmoez aritu da elkarrizketan. Elkarlana eta erabileran eragin beharra, bi gai horiek hartu ditu hizpide batez ere.
Elkarlanari dagokionez, euskalgintzaren jarduna goraipatu du: “Hasieratik esan diegu aitortzen dugula haien lan ikaragarria. Aitortza zintzoa egin dugu”. Uste du bi aldeak uztartu beharra dagoela: administrazioa eta gizarte eragileak. “Gobernuak ezin du hizkuntza politikan eragin bakar-bakarrik badoa; euskalgintzak ere ez, bakar-bakarrik badoa”. Badago aukera elkarlan hori sakontzeko, Dobaranen iritziz. Lankidetza ildoen artean, aipatu du Uema ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea; ikerketa ildo batzuk adostu dituzte. “Natural deitu ditugu, arazorik gabe. Niretzat oso naturala da: arnasguneei buruz hitz egin behar badut, Uemarekin hitz egin behar dut. Ez dugu ulertzen beste era batera”.
Erabileran ikusten du giltza egoera honetan. Izatez, administrazioko hizkuntza eskakizunei buruz egiten ari diren berrikuspenaz galdetuta, erantzun du ez dela aldaketa handirik izango. “Erabilera da orain kezka: zelan jarriko ditugun euskaraz lan egiten”. Areago, gogoeta egin du sarbide ereduaz ere: “Ez dut oso urrun ikusten eskakizunak gainditu, eta belaunaldi berriek era naturalean oposizioko azterketa euskaraz egitea. Zergatik egin euskara azterketa, gaztelaniakoa ez bada egiten? Ez da errealitate oso urruna: azterketa euskaraz, eta kito”.
Elkarrizketa osoa bihar izango da irakurgai BERRIAn.