"Herritar guztionak dira, eta berreskuratu eginen ditugu". Horixe erran dute Nafarroako Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformako kideek, Iruñean, Nafarroako Gobernuarenak diren, eta hutsik diren etxebizitzei buruz. Sanduzelai auzoan dira horietako hainbat, eta haietako bi okupatu ditu jada plataformak, etxerik ez dutenentzat. Azken hamabost urteotan hutsik egon diren etxebizitzak dira, eta egoera kaskarrean dira. Hori dela eta, auzolanera deitu ditu plataformak herritarrak, denen artean etxeak konpondu ahal izateko. Gobernuak bideak egiten lan egiten zuten beharginentzat eraiki zituen etxebizitza horiek. 300 baino gehiago ditu Nafarroa osoan, eta haietako 150 hutsik dira, gaur egun.
Etxebizitzak berreskuratzeko ekintzaren bidez, hilabete osoan eginen duen kanpainari hasiera eman dio hipotekak kalte egindako pertsonen plataformak. Kanpaina horren bidez, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi dute, batez ere. "Gobernuari berdin zaio etxerik ez duen jendea egotea; giza eskubideei muzin egiten die, enpresei mesede egiteko", salatu du plataformako kide Angel Larreak. Larreak gogoratu du Nafarroako Parlamentuak plataformaren hainbat proposamen jasotzen zituen legea onartu zuela uztailean. "Gobernuak, ordea, ez dio lege horri jaramonik egiten. Ez du kontuan hartzen", kritikatu du Larreak. Gobernuak, hain zuzen, dekretua onartu zuen irailean etxebizitzari buruz, eta dekretu horretan legeak jasotako neurriak ez ziren aipatu ere egiten. "Dekretu horrek ez du zorra etxebizitzarekin kitatzeko bidea ahalbidetzen, eta ez du alokairu soziala bultzatzen", erran dute plataformako kideek.
Espainiako Gobernuaren jarrera ere salatu dute. Angel Lagek gogora ekarri du Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuela urrian Nafarroako Parlamentuak onartu legearen kontra. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak oraindik ez du erabakirik hartu auzi horren inguruan.