Gobernuaren planak ez du konponduko presoen auzia, Urizarren ustez

EAko idazkari nagusiak adierazi du arduraz jokatzeko unea dela; ETArekin esertzera deitu du gobernua

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren esanetan, Espainiako Gobernuak lehengo astean iragarri zuen presoen «gizarteratze planak» ez du konponduko euskal presoen auzia. Urizarrek azaldu duenez, ETAk desagertu egin behar du, baina Espainiako Gobernuak ere urratsak egin behar ditu prozesua ez gelditzeko. Urizarrek Espainiako Gobernuari ohartarazi dio ezin dituela zintzilik utzi presoei eragiten dieten erabakiak: «Euskal Herria aro politiko berri baten aurrean dago. Uneak eskatzen duen arduraz aritu behar dugu eragile politiko guztiok».

Bide horretan, Urizarrek dei egin dio Espainiako Gobernuari ETArekin biltzera: «Bi aldeek bildu egin behar lukete, gatazkaren ondorioez hitz egiteko. Gobernua, ordea, ez dago horretarako prest».

Urizarrek gobernuari gogoratu dio Irlandako gatazka konpontzeko, adibidez, «ezinbestekoa» izan zela elkarrizketei ekitea. EAko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, Aieteko Konferentziaren ondoren, «bidea markatuta dago», eta mundu osoko gatazketan esperientzia duten pertsonak argi ari dira erakusten eman beharreko pausoak zeintzuk diren. Fase horretan sartu nahi ez izatea egotzi dio EAko idazkari nagusiak Espainiari.

Bestalde, 2013rako aurreikusten diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea PPren esku dagoela uste du Urizarrek: «Inkestak alde ez dituztenez, eguna atzeratu egin nahi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.