Eneko Gogeaskoetxea ustezko etakidearen kontrako estradizio auziak aurrera jarraitzen du. Atzo Westminsterko Auzitegian (Londres) auzi saioa izan zuen; estradizioari buruz erabakitzeko epaiketa egin aurreko tramite bat da hori. Hamabost «terrorismo delitu» egozten dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalak Gogeaskoetxeari, eta horiengatik eskatu du ustezko etakidea estraditatzeko.
Cambridge hiriko Belmash espetxetik bideo konferentzia bidez jarri zuten epailearekin harremanetan Gogeaskoetxea. Hark epaileak esandakoak entzun besterik ez zuen egin, berri agentzien arabera, txosten bat eskuetan zuela. Caroline Tubbs epaileak azaroaren 29rako jarri zuen epaiketa aurreko hurrengo auzi saioa, eta hori ere bideo konferentziaz egingo dela jakinarazi zuen.
Gutxienez epaiketa hasi bitartean preso edukiko dute Gogeaskoetxea, atxiloaldi prebentiboan. Abenduaren 14, 15 eta 16an egingo dute euskal presoa estraditatu edo ez erabakitzeko auzi saioa, Westminsterko auzitegian.
San Fermin egunez atxilotu zuen Gogeaskoetxea Britainia Handiko Poliziak, Cambridgen. Gernikarra da, eta ETAko zuzendaritzako kidetzat jotzen du Espainiako Barne Ministerioak. Atxiloketan Guardia Zibilak ere parte hartu zuen.
Hasieran zortzi inputazio zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Gogeaskoetxearen kontra, baina denborak aurrera egin ahala, auzi gehiagoren berri eman diote. Une honetan Auzitegi Nazionalak hamabost auzirengatik eskatzen du hura Espainiaratzeko. Besteak beste, Bilbon 1997an ertzain bat hiltzea eta Guggenheim museoaren inaugurazio ekitaldian Espainiako erregea, orduko Espainiako gobernuburu Jose Maria Aznar eta EAEko lehendakari Jose Antonio Ardanzaren aurka atentatua egin nahi izana egozten diote.
Gogeaskoetxearen estradizio prozedurak aurrera jarraitzen du
Westminsterko Auzitegian auzi saio bat egin zioten, estradizio epaiketaren aurreko tramite bat betez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu