Gogoeta eta eztabaida AHTaz, Hernanin egingo den kanpaldian

Energia nuklearraz, proiektu«desarrollistez» eta krisiaz arituko dira asteartetik igandera Hernanin

Erredakzioa
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Hernani (Gipuzkoa) hainbat azpiegiturak «zigortzen» dutela gogorarazi du AHTaren Aurkako Asanbladak: paper fabrikak, instalazio elektronikoak, harrobiak, autobiak... Gainera, «garapenak» etenik ez duela salatu dute kideek: «Abiadura handiko trena (AHT) beste hainbat altxorrekin batera datorkigu; goi tentsioko azpiestazio elektriko berriarekin, kasu». Inguruko eskualdeen egoera ere «lazgarria» dela ohartarazi dute: Pasaiako kanpoko portua, metroa, errauste planta eta makrokartzela dira horren erakusgarri. Horregatik guztiagatik antolatu dute XVI. kanpaldia Hernanin; haien hitzetan, AHTak «bortizki» eragingo dion Osinaga auzoan, hain justu.

Martxan jarri diren makroproiektuen atzean zein interes politiko eta ekonomiko dauden,proiektuek zein aldaketa sozial eragingo duten, noraino hel daitekeen azkenaldian entzun den ingurumen iraunkortasunari buruzko mezua eta zein egoeratan dagoen gogoetabide antidesarrollista... Gai horiek aztertuko dituzte, besteak beste, asteartetik igandera hitzaldi, mahai inguru eta eztabaidetan.

Kanpalekutik abiatu eta Oindi mendira igoko dira ostegunean, AHTak eta beste hainbat proiektuk suntsituko dituzten guneetatik. Hamaika gatazka txotxongilo antzezlana izango da ostiralean, eta haurrentzako tailerrak larunbatean. Txalaparta, punk-rock eta kantautoreen kontzertuak ere izango dira egun bietan. Kanpaldia amaitzeko, Donostiaraino joango dira bizikletaz, Urumea haranean barrena.

Tunel bati ekin diote Lemoan

Adif Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Zornotzatik Lemoara doan AHTaren bidean lanei ekin die tunel batean. Marraguenako tunelazulatzeari ekin diote, hain zuzen ere, Lemoan, Bizkaian. Eusko Jaurlaritzako ordezkari Mikel Cabiecesek adierazi duenez, Adifek abiadura handiko trena eraikitzeko kostuaren %12 inbertitu du ibilbideko «ingurumena babesten». Hala,Zornotzatik Lemoara doan bide ertzean zuhaixkak etazuhaitz autoktonoak landatuko dituztela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.