Goi tentsioko lineaz zer iritzi duen argitzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Espainiako gobernu ordezkaritzara eraman dituzte proiektuaren kontra 191 udalek hartutako erabakiak

Goi tentsioko linearen aurkarien protesta, atzo, Iruñean. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Egitasmoaren kontrako plataformak salatu du Nafarroako Gobernuak orain arte ez duela txintik esan Gipuzkoa eta Nafarroa artean Red Electrica de España SAk egin asmo duen goi tentsioko linearen proiektuaz. UPN eta PSN alderdiek osatzen duten gobernuari, behingoz, alde edo aurka dagoen argitzeko eskatu diote.

Bi herrialdeon arteko goi tentsioko linearen aurkako plataformak deituta, hainbat udal eta kontzejutako ordezkariek eta herritarrek elkarretaratze isila egin zuten Iruñean, atzo. Ehunka lagun Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren aurreran elkartu ziren. Goi tentsioko linearik ez! eta Autopista elektrikorik ez! leloak idatziak zituzten bost pankarta zabaldu zituzten Merindadeen plazaren ondoan.

Elkarretaratzea egiten zen bitartean, plataformako hamar bat ordezkarik 191 udal eta kontzejuk proiektuaren aurka onartutako mozioak utzi zituzten Espainiako ordezkaritzaren erregistroan. Espainiako Industria eta Ingurumen ministerioetara bidali dituzte proiektuaren aurkako mozioak. Izan ere, Madrilgo gobernuak du azken hitza auzi honetan. Azken bi hilabeteetan egitasmoaren aurka agertu dira proiektuak eragindako udalerri ia guztiak. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko linea eraikitzen bada, tokiko erakundeen eta hautetsien borondatearen kontra «inposatu» beharko da, Alberto Frias Autopista Elektrikorik Ez plataformako kidearen hitzetan.

Nafarroako Gobernua, isilik

Nafarroako Gobernura ere eramanen dituzte aurki proiektuaren aurkako mozioak. Aferan UPN-PSN gobernuak duen «isiltasuna» kritikatu du plataformak. «Gero eta burrunbatsuagoa da Nafarroako Gobernuaren isiltasuna. 191 udal eta kontzejuren ezetza entzun behar du». Duela bi aste proiektuaren aldekoak eta kontrakoak bildu ziren mahai inguru batean Deikaztelun (Nafarroa). Plataformako kideak, udal eta kontzejuetako ordezkariak, eta Red Electrica de Españak Nafarroan duen ordezkaria izan ziren eztabaidan. Baina gonbidatuta egon arren, Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ez zen agertu hitzordura, agenda arazoak argudiatuta.

Eztabaidan argi ikusi zen, plataformako kideen esanetan, erantzukizuna administrazioarena dela, eta proiektuaren sustatzaileak interes ekonomikoek bultzatuta ari direla eta ez gizartearen energia premiei erantzuteko. «Proiektuaren aurkako argudioak soberan ditugu. Sustatzaileek, berriz, soberan dituzte interesak. Horregatik, Nafarroako Gobernuak esan behar du egitasmoa sostengatuko duen», nabarmendu du Mari Jose Sagasti Deikazteluko alkateak. Nahiz eta erabakimenik ez izan gaiari buruz, plataformako kideek eta sinatzaileek uste dute Nafarroako Gobernuak ere baduela zer esana goi tentsioko lineari buruz.

Bestalde, plataformak gogorarazi du Castejon eta Gasteiz arteko goi tentsioko linea bertan behera utzi zutela iaz, ingurumen eraginarengatik, baita sortu zen «gizarte oposizioarengatik» ere.

Red Electrica de España SA enpresak 400 kilowatteko potentzia izango duen 120 kilometroko goi tentsioko line bat eraiki nahi du Deikaztelutik Ezkio-Itsasora (Gipuzkoa), 46 metroko garaierako dorreekin. 2010ean bertan behera utzitako Castejon-Gasteiz linearen hutsunea bete nahi dute proiektu honekin.

Egitasmoaren «justifikazio falta» ere salatu du plataformak. Friasen ustez, interes sozialei baino gehiago, interes ekonomiko partikular batzuei erantzuten die. «Gurean energia beharra zenbatekoa den ez dute zehaztu proiektuan. Enpresa jakin baten interes ekonomikoei erantzuten die». Proiektuak ingurumenean eta osasunean eraginen lituzkeen kalteak ere ahaztu nahi direla salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.