Loiolako kuartela

Goiak azaldu du «ziurrenik» helegitea aurkeztuko dutela

Loiolako kuartelak babestearen aldeko ebazpena «oztopo bat» da Donostiako hirigintza plana garatzeko, alkatearen hitzetan.

Loiolako kuartela, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 14a
11:44
Entzun

Donostiako alkate Eneko Goiaren iritziz, Loiolako kuarteleko jarduerari eusteak «ez du inolako zentzurik», eta litekeena da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ebazpenari helegitea jartzea: «Ziurrenik, errekurritu egingo da, baina oraindik goiz da, ebazpenaren esanahia ondo aztertu behar delako».

Auzitegiak Voxen helegitearen alde egin izanak zapuztu egin du oraingoz Donostiako Udalak kuartelarentzat prestatua zuen plana: hura eraitsi eta etxebizitzak egitea. Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Goiak azaldu du hiria urbanistikoki «garatzeko» helburuentzat «oztopo bat» dela, eta eremuak «izan beharreko funtzioa betetzea» eragozten duela.

Donostiako PSEko eledun Marisol Garmendiak azaldu du eremu hartan etxebizitza publikoak eraikitzea «uko egin ezineko helburua» dela, eta horretarako lanean jarraitzeko asmoa adierazi du: «Gaurtik lan egin behar dugu etxebizitza publikoaren ezinbesteko garapena eta egokitzat jotzen den ondarearen babesa uztartzeko modua bilatzeko».

«Lobby ultraeskuindarraren» esku hartzea salatu du, berriz, Gipuzkoako hiriburuko EH Bilduk, eta gehitu «albiste txarra» dela ebazpena. «Hiriak urteak daramatza Espainiako armadak Loiolan okupatzen dituen lurrak itzultzeko eskatzen», azaldu du. Gogoratu dute koalizioak prozesu bat abiatu zuela 2011-2015eko legealdian, eremuaren diseinu berria aztertzeko.

EAJren Espainiako Kongresuko diputatu Josune Gorospe ere iritzi berekoa da, eta «zoritxarreko ebazpena» kritikatu du. Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketan, azaldu du Donostiako herritarrak aterako direla galtzen, etxebizitza eskaintzarik gabe geratu daitezkeelako. Diputatua «harrituta» ere geratu da, auzitegiak zehaztu dituelako lurrek izan beharreko erabilera eta haien kalifikazioa.

Afera, baina, ez da hor amaituko. Donostiako alkateak azaldu du «sakonki» aztertuko dutela ebazpena, eta udaleko zerbitzu juridikoek zehaztuko dituztela aurrera egiteko aukerak. Goiaren esanetan, Espainiako Defentsa Ministerioa ere ebazpenaren «azterketa bateratu bat» egiteko asmotan da, haren eragina zehazteko. Izan ere, bi aldeak negoziazio prozesu betean daude, kuartela udalaren esku uzteko.

Voxek iazko ekainean jarri zuen Eraikitako Hiri Ondarea babesteko Plan Bereziaren aurkako helegitea, Espainiako armadak Donostiako Loiola auzoan daukan kuartela ere babestu behar dela argudiatuta. Udalak iazko martxoaren 25ean moldatu zuen plana, eta kanpoan utzi zuen eraikina. Voxen iritziz, ordea, kuartelari babes maila gorena eman behar zaio.

Auzitegiak ez du bat egin azken eskaera horrekin, baina adierazi du plan bereziaren barruan txertatu behar dela Loiolako kuartela. Epaimahairen esanetan, «babestua izateko planak jartzen dituen baldintzak» betetzen ditu. Azaldu dute Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren txostenak baliatu dituztela erabakia hartzeko, eta argudiatu dute teknikariek kuartela babestearen alde egin zutela. Izan ere, Jaurlaritzak ondare historikoaren behin-behineko zerrenda batean jarri zuen kuartela, eta aldundiak 2009an haren balio kulturala nabarmendu zuen, ebazpenaren arabera.

1.600 etxebizitza

Donostiako Udalaren asmoa kuartela eraistea da, hark hartzen dituen 20 hektareetan 1.600 eta 2.000 etxebizitza artean eraikitzeko. Halere, Loiola urbanizatzeko plana ez da berria. Odon Elorza alkate ohia izan zen lur haiek udalaren esku uzteko eskaera egin zuen lehena. Espainiako Gobernuak, baina, ez zuen urratsik egin 2020ko azarora arte. Iazko aurrekontu orokorren inguruko negoziazioetan EAJk lotutako akordioaren parte izan zen titulartasuna eskualdatzeko prozesuari ekitea.

Elkarrizketak bide onetik zihoazen, eta Goiak ekainean adierazi zuen «detaile batzuk» falta zirela hura ixteko. «Udalak hiriko etxebizitza beharrei erantzun bat ematea bilatzen zuen, etxebizitza, ekipamendu eta espazio publikorako eremu berri bat ezarrita. Ebazpen honek atzera bota ditu balorazio ekonomiko horiek, eta urte askoan eskatzen ari zen eta hiriarentzat ona zen operazio bat zapuztu du», azaldu zioten atzo udaleko iturriek Efe agentziari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.