Bularreko angina bat izan du asteburuan Iñaki Goirizelaia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, eta erietxean daukate. Unibertsitateko iturriek azaldu dute atzo bertan kateterismoa egin ziotela, itxita zeukan odolbide bat zabaltzeko; oraindik ZIU zainketa intentsiboetako unitatean daukate. Zenbat denborako kontua izango den ez dakite.
Goirizelaia ospitaleratu izanak aldarazi egin du unibertsitatearen jarduna. Etzi gobernu kontseilua dute, eta aurtengo aurrekontuen aurreproiektua zuten aztergaien artean. Errektorea falta dela ikusita, ordea, kendu egin dute puntu hori, eta tramite hutseko kontuak soilik aztertuko dituzte bileran.
Fernando Plazaola Ikerketa errektoreordeak hartu ditu Goirizelaiaren funtzioak bere gain behin-behinean.