Itxaropen mezua zabaldu zuen atzo SER irrati katean Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kideak. «Oso une politiko garrantzitsuan gaude, oso interesgarrian. Konponbidearen ateak irekitzen ari dira». Horren haritik, Goirizelaiak azpimarratu du Donostiako nazioarteko konferentzia «oso garrantzitsua» izan dela, ez soilik bertan izan diren pertsona esanguratsuengatik, baizik eta egin duten ebazpenarengatik. «Sortu da itxaropen handiko egoera, eta ikastoletako haurrak ere horri buruz hitz egiten ari dira», azaldu du irratsaioan. Horregatik, Goirizelaiak gizarteak egoera hori bultzada ematea ezinbestekoa izango dela iritzi dio: «Herritarrek oso funtzio garrantzitsua dute. Prozesuaren motorra eta bermea izan behar dute».
Irratsaio horretan, Goirizelaiak azaldu du «tunelaren amaieran argia» ikusten hasi dela, eta, Aieteko Adierazpenaren edukiari erreparatuta, eragile guztiek «lanean» hasi behar dutela azpimarratu du. «Alderdiek lanean hasi beharko dute», adierazi du. Goirizelaiaren ustez, konponbide bat lortu beharko da Euskal Herria nazio gisa aitortzearekin eta erabaki eskubidearekin zerikusia izango duena.
Haren ustez, beste korapilo nagusia izango da galtzaile eta irabazle gabeko bakea eraikitzea, bakea iraunkorra eta bidezkoa izan dadin. Goirizelaiak nabarmendu du helburu izan behar duela eragile guztiak irabazle aterako diren jokaleku politiko bat lortzea.
Ezker abertzalearen oharra
Ildo beretik jo du ezker abertzaleak herenegun argitaratutako oharrean. Ezker abertzalearen iritziz, nazioarteko konferentziaren ebazpenean Euskal Herrian gutxieneko demokratiko adostuen gain eraiki beharreko jokalekua finkatu du. Ezker abertzaleak dio ebazpenak gatazkaren ondorioei eta zergatiei aurre egiten diela. «Eragile guztiak era arduratsu eta eraikitzailean jarduteko garaia iritsi dela deritzogu». Hala, eragile guztiei ardurak partekatzeko deia egin diete, elkarrizketa eraikitzailea osatzeko asmoz. Era berean, bakearen eta behin betiko konponbidearen eraikuntzak herritar guztien ahalegina izan behar duela dio. «Euskal herritarren konpromiso kolektiboari dei egiten diegu hainbat hamarkadatan ezinezkoa izan den helburua lortzeko».
Ezker Batuak, berriz, ohar bidez adierazi du manifestazioa «aukera bat gehiago» dela ETAri desegitea exijitzeko. EBk dio manifestazioak ezin duela hauteskunde kutsua izan.
Egin Dezagun Bidea herri ekimenak, berriz, bat egin du Bilboko manifestazioarekin. «Une eta egun garrantzitsuak bizi ditu Euskal Herriak, bizipen historikoen aurrean gaude». Guztien parte hartzea eskatu du.
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia
Goirizelaia: «Prozesuaren berme eta motorra izan behar du gizarteak»
Ezker abertzaleko kideak «tunelaren amaieran argia» ikusten du, konponbidearen atea irekitzen ari delako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu