GOIZ BATEZ PRADON

Madrilgo Pradoko museoko artelanek balio dute Espainiako egoera politikoa aztertzeko. PP 'Maja jantzia' izan daiteke, eta Vox, berriz, 'Maja biluzia'; Pedro Sanchez, 'Titio'; eta Yolanda Diaz, Joana I.a Gaztelakoa. Jeronimo Boschen 'Atseginen baratzea' triptikoak Espainiaren batasuna ordezkatu lezake.

© MUSEO DEL PRADO.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Madril
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

S antiago egunean, Errege Bildumen Galeria inauguratu zuten Espainiako Felipe VI.a erregeak, jarduneko gobernuko presidente Pedro Sanchezek eta Espainiako Estatuko agintari nagusiek. Madrilgo errege jauregiaren alboko museoan errege familiarenak diren artelanak daude ikusgai. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak pasatu berritan, Sanchezek Madrilgo gorteko ordezkaririk garrantzitsuenen aurrean hitza hartu zuen lehen aldia izan zen, eta, museoko tapiz bat deskribatuz —Guillermo Perez Villaltaren Bakearen alegoria. 1978ko konstituzioaren 25. urteurrena—, egungo Espainiako egoera politikoa azaldu zuen: «Bakea behin betiko finkatu den Espainia bat erakusten digu obra horrek».

 

Espainiako koroarenak izandako artelanik garrantzitsuenak, ordea, ez daude galeria horretan, Prado museoan baizik. Madrilgo museorik garrantzitsuena da, eta ikusgai dituzten artelan gehienak Espainiako errege familiarenak ziren: familia hori bera erretratatzen duten koadro ugari daude, baita mitologia eta erlijioa oinarri dutenak ere. Orduak behar dira museoa goitik behera zukutzeko, baina goiz bat nahikoa da artelan esanguratsu batzuk ondo ezagutzeko. Hori ez ezik, goiz bat nahikoa du bisitariak artelan horien bidez egoera politikoaren analisia egiteko, Sanchezek beste museoan egin zuen bezala.

1. 'MAJA JANTZIA' ETA 'MAJA BILUZIA'

 

PP eta Vox

Manuel Godoy izan zen, ziurrenik, Espainiako Erresuman botere handieneko gizona XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran. Karlos IV.a erregearen «faborito» moduan, Fontainebleauko Ituna sinatu zuen 1807an. Portugal konkistatu nahi zuela eta, Napoleonek Godoyri galdetu zion ea bere lurretatik pasatu ote zitekeen. Hark baietz esan zion, baina ez doan: Napoleonek zin egin zion Algarveko printze izendatuko zuela.

Itun horrek ez zuen errege bihurtu Godoy. Sei urteko gerra bat, milioi bat hildako eta erbestea baino ez zizkion ekarri. Godoy garai honetakoa balitz, ziurrenik Azoreetako mahai baten gainean jarriko zituen hankak, Ameriketako Estatu Batuetako presidente baten alboan. Izan ere, Godoyren arrastoa ez da desagertu Madrilgo gortetik. Jakina da Francisco de Goya margolariaren bi artelan zeudela haren jauregiko «barne kabinete batean» —gela ezkutu batean, alegia—; 1801 eta 1807 bitartean margotutako Maja biluzia eta Maja jantzia, hain zuzen ere.

Prado museoko izarretako bi dira Majak. Andre beraren bi koadro dira: alde bakarra da, batean jantzita, eta bestean, berriz, biluzik. Adituek ez dute argitu zein den benetan maja hori, baina, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin berritan, burura dator PP eta Vox izan daitezkeela majak, jantzia bat, biluzia bestea.

Hori adierazten dute, esaterako, maiatzaren 28ko bozek eta gero zenbait autonomia erkidegotan egin dituzten gobernu akordioek. Extremadura da adibide argi bat. Hauteskundeak baino lehen, PPren hautagai Maria Guardiolak esan zuen ez zuela itunik egingo Vox alderdi ultraeskuindarrarekin, indarkeria matxista ukatzen duelako. Hala ere, akordioa egin zuten, eta, gobernu programan, «diskurtso matxistak ezabatzeko» helburua jaso dute; ez, ordea, indarkeria matxistaren aurka borrokatzekoa.

Balearretan eta Valentzian (Herrialde Katalanak), berriz, «familia barruko indarkeria» da gobernuek erabiliko duten kontzeptua, indarkeria matxistaren aurka borrokatzea guztiz baztertuta, eta ideologia soineko batekin estali beharrik gabe. Soinekoarekin eta soinekorik gabe, PPk eta Voxek ez dute bat etortzeko arazorik izan zerga politikan, hezkuntzan, osasungintzan eta migrazio politikan, esaterako.

Godoyk ezkutuan eduki zituen Maja jantzia eta Maja biluzia, eta XX. mendera arte horrela mantendu zituzten, «moralaren aurkakoak» zirelako. Hala ere, gaur egun Prado museoko bi izar dira, eta milioika pertsonak begiratzen diete egunero. Zortzi milioi boto baino gehiago eskuratu dituzte Espainiako Gorteetarako bozetan XXI. mendeko majek.
 

2. 'TITIO'

Pedro Sanchez

 

«Kaixo, barkatu. Galdera arraro samarra da. Koadroren batek Pedro Sanchez gogorarazten dizu?», galdetu dio bisitari batek Maria Esperanza Cuestari, Prado museoko informazio guneko artearen historialariari. «Ez da ohiko galdera bat, ez», erantzun dio, baina berehala hasi da museoaren planoa buruan berrikusten, artelan egokiren bat identifikatu nahian. Bisitari gehienek komuna non dagoen galdetzen diote, jakin gabe Cuesta dela Prado museoa ondoena ezagutzen dutenetako bat. Pasio handiz kontatzen ditu artelan baten eta bestearen istorio eta bitxikeriak. «Badakit zein den behar duzun koadroa: Titio, Jose de Riberarena», esan du, besoa luzatuta. Izan ere, lehen solairuan dago artelan hori, informazio gunea dagoen aretoan bertan.

Antzinako Greziako pertsonaia mitologiko bat da Titio, eta haren mitoa irudikatu nahi izan zuen Jose de Ribera margolari valentziarrak XVII. mendearen hasieran egin zuen artelanean. Mitoaren arabera, Olinpoko jainko-jainkosek zigortu egin zuten Titio, eta harri bati lotuta utzi zuten, munduaren barreneko Tartaro eremuan. Arrano bat une oro izan zuen alboan, gorputzari kosk egiten, baina Titiok eutsi eta eutsi egin zuen. Arranoak ez zuen inoiz lortu Titio hiltzea.

Pedro Sanchez izan daiteke Titio. Agian estratega delako, agian aholkulari onak dituelako edo, agian, zortea izan duelako, eutsi egin dio botereari; arranoek —parlamentuko oposizioak eta Madrilgo Ferraz kalekoek— ez dute lortu, hari barrenak jan arren, Sanchezek amore ematea.

2014an izendatu zuten PSOEko idazkari nagusi, garai hartako Ferraz Olinpoko Atenea gerraren jainkosaren —Susana Diaz Andaluziako presidentearen— babesarekin. 2016an, ordea, jainko-jainkosek behartu egin zuten dimisioa ematera, Gorteetarako bozetan orduan PSOEk izandako emaitza txarrengatik. Hala ere, urte bat geroago, Atenearekin eta Patxi Lopezekin lehiatu zen alderdiko buruzagitza berreskuratzeko, eta bai berreskuratu ere. 2018an, Espainiako Gobernuko presidente bihurtu zen; 2019an, bitan irabazi zituen bozak. Eta hor iraun du gaur arte.

Maiatzeko bozen emaitzak ikusita, ematen zuen arranoek akabatu egingo zutela, baina, gorteetarako bozak aurreratu, eta ez zaio gaizki atera. Lehen indarra izan ez den arren, hark du aukera gehien Moncloako jauregian segitzeko. Ez da kasualitatea idatzi dituen bi liburuetako bat Manual de resistencia izatea (Erresistentzia gidaliburua).

«Filipe II.aren [Espainiako erregearen] koadro batek ere balio lezake Sanchezentzat. Armada garaiezinagatik esaten dut», esan dio Cuestak bisitariari. «Ahaztu. Agian ez du balio. Sanchezek oraindik ez du izan Trafalgarko bere gudua», erantsi du. Oraindik ez dago argi zein izango den XXI. mendeko Nelson jenerala.

3. 'JOANA EROA'

Yolanda Diaz

 

Joana I.a Gaztelako erregina izan zen XVI. mendearen lehen erdian. Errege-Erregina Katolikoen alaba, Filipe Ederraren emaztea eta Karlos I.aren ama izan zen, erregina baino gehiago. Izan ere, ez zuen agintzeko aukerarik izan inoiz, lehenik aitak —Fernando Katolikoak— eta gero semeak ez ziotelako utzi. Tordesillasen (Espainia) giltzapetuta igaro zituen bizitzako urte gehienak, eta zorotzat jo zuten. Horregatik deitzen zaio Joana Eroa.

Joana erretratatzen duten koadro ugari daude Pradon. Francisco Pradilla pintoreak 1877an egindako Joana Eroa artelana da ikusgarriena; hilkutxa bati begira margotu zuen Pradillak, eszena ia apokaliptiko batean. Desberdintasunak handiak badira ere, Gaztelako erreginak balio dezake Yolanda Diazek Espainiako gorte politikoan duen lekua azaltzeko. Batetik, Joana I.a Gaztelakoarekin gertatu zen moduan, Diaz ere zorotzat jo dute matxistek eta misoginoek; horrek erakusten du oraindik botereguneetan emakumeek jasan behar izaten duten erresistentzia patriarkala. Bestetik, agian ez da zaila identifikatzea Yolanda Diazentzat zeintzuk diren Fernando Katolikoa, Filipe Ederra eta Karlos I.a. Zailagoa da Pradillaren koadroko hilkutxaren barruan zein dagoen jakitea.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak ikusita, hilkutxa barruan dagoena Espainian PSOEren ezkerrean dagoen esparru politikoa izan daiteke. Hiru milioi boto eskuratu zituen, bai. 31 eserleku, bai. Baina PSOEk sei milioi boto baino gehiago eta 122 eserleku lortu ditu Kongresuan.

Ika-mikak ika-mika, Diazek lortu zuen PSOEren ezkerrean dauden alderdiak proiektu bakarraren barruan sartzea; Podemos baino moderatuagoa da ideologikoki, eta Espainiako Gobernuko Lan Ministerioan hartutako neurriak ondo saldu ditu; lortu ez duena da Sumarrek ezker espainolaren hegemonia eskuratzea. PSOE da jaun eta jabe, eta haren ezkerrean daudenek, hauteskundez ehauteskunde ikusi denez, ez dute gaitasunik langa bat gainditzeko.

Pradillaren koadrokoa Diaz balitz, agian ez litzateke PSOEren ezkerreko esparru politikoa agurtzen arituko; bai, ordea, hark hegemoniko bihurtzeko zituen aukera urriak.

4.'ATSEGINEN BARATZEA'

Espainiaren batasuna

 

«Prado museoan sute bat izanez gero, izango duzue protokolo bat margolanak salbatzeko, ezta?», galdetu dio bisitariak Cuestari. «Noski! Oso zaila izango litzateke guztiak salbatzea, baina batzuek lehentasuna izango lukete. Puntu gorri bat dute alboan, hori adierazteko», erantzun dio Cuestak beste galdera bitxi horri. «Artelan horietako bat, museoko garrantzitsuenetakoa, Atseginen baratzea da».

Bosco ezizeneko Jeronimo Bosch margolariak egin zuen, XV. mendearen amaieran. Triptiko bat da: ezkerreko panelak Edengo lorategia irudikatzen du, paradisua; erdikoak, zentralak, «lizunkeriaren menpeko paradisu faltsua»islatzen du; eta eskuinekoak, berriz, infernua. Gezurra dirudi bost mende dituela, XX. mendeko koadro abangoardista bat ematen du eta. Salvador Dali surrealista katalanarentzat, esaterako, inspirazio iturri izan zen Atseginen baratzea. 1939an Franco eta haren tropa faxistak Madrilen sartu ziren garaitik dago Pradon.

Espainiako Estatua Atseginen baratzea-ren antzekoa da, eta ez bereziki atseginengatik. Estatua gai da —edo izan daiteke— haren menpeko lurretan paradisua, paradisu faltsua eta infernua onartzeko, baina ez du behin ere onartuko «Espainiaren batasuna» delakoa arriskuan jartzerik. Ikusi zen nolako jokabidea izan zuen estatuak 2017an Katalunian independentziaren inguruan egin zuten erreferendumaren inguruan: 155. artikulua.

Orain, Junts per Catalunyaren babesa ezinbestekoa izango da Pedro Sanchezek gobernatzen segitu dezan. Alde guztiek dakite, ordea, Pradok su hartzen badu, museoko agintariek ez dutela onartuko triptikoa hirutan banatzea. Protokoloa guztiz zehaztuta dauka Espainiako Estatuak: Espainiaren batasuna salbatu behar du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.