«Goiz edo berandu, gizarteak eraitsi egingo du ezetzaren harresia»

Rufi Etxeberriaren ustez, «zalantzarik utzi gabe» egin behar da desarmea, eta, beraz, bi aldeak eta bitartekari bat behar diraLau sentsibilitate nagusiek konponbiderako ahaleginari ekin beharko lioketela uste du

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Euskal gizarteak zer egiten duen, horixe da bake eta normalizazio prozesuaren gakoa, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko eledunaren ustez. Espainiako eta Frantziako estatuek «euskal gizartearen gehiengoaren nahiari entzungor» egiten diotelakoan dio, baina argi dauka gizartearen indarrak jarrera hori aldatzea ekarriko duela: «Goiz edo berandu, gizartearen bultzadak eraitsi egingo du PPren ezetzaren harresia», esan zuen atzo, Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan. Haren ustez, garrantzitsuena da gizartearen gehiengoak «bake eta normalizazio politikoa» nahi duela. Horrek eragile politiko, sindikal eta sozial gehienek konponbidearen alde egitea dakarrela dio, eta ekinaldi sozial, politiko eta instituzionalek PPri jarrera aldaraziko diotela.

Presoen gaian hori gertatzea espero du, baina baita desarmearen gaian eta gatazkaren gainerako ondorioak gainditzeko ere.

Desarmeari dagokionez, Etxeberriari ez zaio egokia iruditzen PP agertzen ari den jarrera. Prozesu horretan hiru eragilek hartu behar dute parte, haren ustez: gatazkaren bi aldeek —ETAk, batetik, eta Espainia eta Frantziako gobernuek, bestetik— eta bi aldeek onartutako ikuskatzaile batek. «Zalantzarik utziko ez duen prozesu bat izan behar du desarmeak». Era «ikuskatu, ordenatu eta adostuan» egin behar da armak uzteko prozesu hori, ezker abertzalearen irudiko, «konfrontazio armatua behin betiko itxi behar delako». Eta hori, elkarrizketarekin bakarrik egiten da, Etxeberriaren ustez.

Elkarrizketak abiatzeko, estatuen borondatea falta da, ezker abertzaleko bozeramailearen esanetan. Gogora ekarri du ETAk iragarria duela armak uzteko asmoa, eta baita gatazkaren ondorioez —preso eta iheslariez, desarmeaz eta desmilitarizaioaz— gobernuekin hitz egitekoa ere. Lekuko lanak egingo dituen hirugarren eragile hori Egiaztatze Batzordea al den galdetuta, hori ikusi egin beharko dela esan du, batzorde horrek printzipioz beste lan bat duelako.

Gatazka ixteko, ondorio guztiak gainditu behar direla argi dauka Etxeberriak. Horregatik, «preso bakar bat dagoen artean, gatazkaren ondorioak hor» egongo direlakoan dago. Presoen gaiari ez ezik, biktimenari ere heldu behar ziola uste du, eta ezker abertzaleak eta presoen kolektiboak ere gai horri eutsi diotela azpimarratu du, «nahiz eta batzuek garrantzirik ez dioten eman». Hala, gogora ekarri du Gernikako Akordioaren sinatzaileek, eta haien artean Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, agiri bat kaleratu zutela, biktima guztien errekonozimendua eskatu, egiaren beharra azpimarratu eta indarkeria guztiek eragindako biktimen familiekiko atsekabea erakusteko.

Lau sentsibilitateak

Gatazka politikoa gainditzeko Jesus Egiguren PSE-EEko lehendakariak egindako proposamena baliagarria dela berretsi du Etxeberriak. Izan ere, haren ustez, ezker abertzaleak ere antzeko proposamen bat egin du: «Euskal Herriko lau kultura politiko nagusiek —PPk, PSEk, EAJk eta ezker independentistak— behingoz ekin behar diote irtenbidearen ahaleginari».

Horretarako, aurrena, errealitatearen diagnosia egin behar dutela nabarmendu du, eta ezker abertzalearen ustez, errealitatea zein den agertu: «Euskal Herrian gatazka politiko bat dago, eskubideen ukazioan oinarrituta». Hura gainditzeko, «Egigurenek esan bezala», eskubideak onartu egin behar direla dio Etxeberriak, eta aukera berdintasunean politika egiteko eskubidea errespetatu behar zaiela eragile politiko guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.