Gomez askatzeko batu da Ortuella

Patxi Gomez askatzeko eskatu dute mila bat herritarrek, 'Parot doktrina' ezarrita beste hamar urterako espetxeratu dutelakoUdaleko alderdi guztiek parte hartu dute protestan: EAJk, PSE-EEk eta Bilduk

Manifestazioa Ortuellako kaleetan, besteak beste herriko alkatea eta Gomezen bikotekidea buruan direla. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Ortuella
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Herrira iritsi bezain laster, nabari da pertsona preziatua dela Patxi Gomez Ortuellan. Maitatua dela erakusten dute orma, atari eta leihoetan pilatzen diren irudiek. Herritarrek haren egoera ez dutela ulertzen ere sumatzen da kartelen nolakotasunean. Presoa atxilotzea Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen aurkako norabidean kokatzen duten mezu politikoen artean, eskuz egindako eskaera sinpleagoak ageri dira tarteka; besterik gabe, Gomez haien artean nahi dutela oihukatzen dutenak. Haien erkidearekin ulertu ezin duten injustizia egiten ari direla salatzen dutenak.

«Buruarekin, ez dugu ulertzen. Bihotzarekin, mina sentitzen dugu. Lagun-maitasunarekin... etor dadila berehala! Patxi gure lagunak eta Bego gure lagunak sufritu dute jadanik. Larunbatean, hilaren 18an, 12:30etik 13:30era ateak itxita edukiko ditugu. Agian ez da asko. Agian gutxirako balio izango du. Patxi eta Begori esan nahi diegu biek egon behar dutela gurekin!». Txartel horrekin iragarri du udaletxe ondoko taberna batek Gomez askatzearen aldeko manifestazioarekin bat egiteko ateak itxita edukiko zituela. Arrakasta izan du hainbat eragilek eginiko eskaerak: ia-ia denda eta taberna guztiak itxita egon dira.

Duela bi urte askatu zuten Gomez, hogei urte preso izan ondoren, zigorra kitatua zuelako, baina beste hamar urterako espetxeratu berri dute, 197/2006 doktrina ezarrita. Presoaren erkideek ez dute ulertzen zergatia. «Hiru aldiz espetxeratu dute delitu beragatik», ohartarazi du Oskar Martinez alkate jeltzaleak.

Denak elkarrekin

Ortuella zeharkatu duen manifestazio jendetsuan, pankartari eutsi dio alkateak, Gomezen bikotekide Bego Lopezen ondoan. Bilduko zinegotziak ere pankarta berean egon dira, eta herriko hainbat eragiletako kideak. Konponbidearen alde, atxiloketarik ez. Patxi askatu zioen pankartak. PSE-EEko zinegotziak ere izan dira manifestazioan. Ez leloari eusten, baina bai pankartaren atzeko lehen lerroan. Udaleko alderdi guztietako ordezkariak bildu dira Gomez aske uzteko eta Parot doktrina gisa ezagutzen dena ezabatzeko eskatzeko egindako manifestazioan. Gertutik ezagutu duten erkidearen «egoera injustuak» batu ditu.

Jendetsua izan da oso protesta, eta askotarikoa. Mila bat lagun atera dira kalera, eta elkarren ondoan ikustea zail izaten den alderdietako ordezkariak elkarrekin izan dira. Ez da izan lehen aldia, gainera. Gomezen kasuak estu lotu ditu, eta elkarlanean dihardute. EAJ, PSE-EE eta Bildu biltzen dituen udalak aho batez onartua du Gomez askatzeko eta presoen aurkako salbuespen egoerak amaitzeko eskatzen duen mozioa. Bandoa ere kaleratu du.

«Ikusi duzue zer eskatzen dugun guztiok. Gaur ez da adierazpenak egiteko eguna, keinuak egitekoa baizik, eta ikusi duzue udalean ere zer sinatu dugun. Ez dago esateko gehiagorik», erantzun die galdezka joan zaizkien kazetariei Alberto Marinerok manifestazioa amaitu bezain laster. PSE-EEk Ortuellako Udalean duen bozeramailea da.

Alkate jeltzalea eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea bat etorri dira irakurketa egitean. «Injustizia» baten aurrean guztiak batuta aritu izana goratu dute, eta gainerako lekuetan ere batasun hori lantzeko deia egin. «Borondateak batuta soilik lortuko dugu eskubide guztiak errespetatzea», zehaztu du Erkiziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.