Hona hemen, aurrerapen gisa, Jose Manuel Gomez Benitezen esan batzuk:
- "Beti pentsatu izan nuen ETArekin hitz egin behar zela, negoziatu, soluzio poliziala ez zela ari funtzionatzen. Baina, gainera eta batez ere, jende askoren sufrimendua bukatzen laguntzeko aukera eskaini zidatenean [Alfredo Perez Rubalcabak] ezin nuen beste alde batera begiratu".
- "Lehendabizi, espetxe legedia ezarriko litzateke geneuzkan planetan, baina legeak interpretazioak onartzen ditu. Proposamenak faseka eta delituen larritasunaren arabera aztertuta geneuzkan. Batzuetan, horrek lege erreformen beharra eskatzen zuen; hori ere mahai gainean zen".
- "Atxiloketak ez ziren arazo bakarra. [Zein ziren besteak?] Bi bideko negoziazioa. Bi mahai bereizi adostu ziren aurreakordioetan: mahai politiko bat eta mahai teknikoa. Baina, Loiolako elkarrizketen garapena ikusi zuenean, ETA ukatu egin zen Batasunaren esku uztera negoziazio politikoaren gidaritza. ETAk gobernuarekin zuzenean negoziatu nahi zuen politika".
- "Tentsio goreneko uneetan, T4ko atentatukoan bezala, [nazioarteko bitartekari] denek adierazten ziguten beharrezkoa zela ETArekin harremana ez haustea. T4koaren ondoren, kontaktuak zeharkakoak izan ziren, Henri Dunant zentroaren bidez".
- "Nazioarteko bitartekariek egiaztatu ahal izan zuten Batasunak egin zezakeela politika ETAtik aldentzen bazen eta ETA zela eragozpena. Egokia izan zen gure estrategia. Nire iritziz, Suitzan [2007ko maiatzeko elkarrizketetan] hasi zen ETAren bukaera. Uste dut T4koarekin jada hasi zela aldentzea, eta Suitzan berretsi egin zen".
- "Ikuspuntu politiko batetik Otegi giltzarria zen, oinarrizkoa [Batasunak] ETAtik aldentzeko estrategiarekin segitzeko. Euskal Herriko bakegintzan ezinbesteko gizona izan da".
- "[Gaur egun] Zerbait garrantzitsua aldatu da presoen kolektiboan: ematen du orain espetxe legedia aintzat hartzen dutela. Egungo egoerara egokitu behar dira araudiak eta haien interpretazioak".
Oharra: paperekoaz gain, Gomez Benitezekin egindako elkarrizketaren bertsio luzea argitaratuko du BERRIAk bihar, webean.