Epaileak argitu egin du zein den Enrique Goñi CAN Nafarroako Aurrezki Kutxako zuzendari ohiaren inputazioa: «Zuzendari orokor gisa, estatutuen babesik gabe hainbat kopuru dieta gisa ordaintza, edo ordaintzen uztea». Horregatik, bihar epailearen aurretik pasatzeko hitzordua zuen Goñik, baina haren prokuradorearen eskariari jarraikiz, deklarazioa atzeratzea deliberatu du epaileak. Maiatzaren 28an izanen da, 10:00etan.
Epaileak dioenez, Goñik estatutuen babesik gabe banatu zizkien dietak Nafarroako Gobernuko presidenteari, Iruñeko alkateari eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari, zegozkien karguengatik. Miguel Sanz presidente ohia, Enrique Maia alkatea eta Alvaro Miranda ekonomia kontseilari ohia igaroak dira epailearen aurretik. CANeko batzorde iraunkorreko kideak ziren hirurak, egungo presidente Yolanda Barcinarekin batera. Barcina, baina, forupekoa da, eta Espainiako Auzitegi Gorenak baizik ezin du epaitu. Beraz, ez dago CAN auzian inputaturik.
Bestalde, Iruñeko alkateak «ongi» baloratu du fiskalak atzo egindako eskaria, eta «urrats garrantzitsua» dela aipatu du. Izan ere, Maiaren aurkako auzia bertan behera uzteko eskatu zion fiskalak epaileari. Dena den, epaileak erabaki arte zain egonen da; beraz, horri buruz «gutxi» esan dezakeela aipatu du. «Oraingoz, hori baino ez da, eta, orain, instrukzioak bere bidea jarraitzea falta da; ikusiko dugu azkenean zertan geratzen den».
Fundazioaren araudia
Auzia irekirik dagoela, CAN fundazioa arautzeko lege proposamena aurkeztu du PSNk. Horren arabera, fundazioa 11 kideko patronatu batek osatuko luke. Sei parlamentuak hautatuko lituzke, langileek bi, eta Gobernuak, Kontuen Ganberak eta Iruñeko udalbatzak bana. Proposamena «atzerapausoa» dela esan du UPNk. Aurreko astean aurkeztutako estatutu berrien arabera, gobernuak izendatuko lituzke patronatuko bederatzi kideetatik bost.
Goñik asteartean deklaratuko du, ustez dietak estatutuen babesik gabe ordaintzeagatik
Bihar pasatu behar zuen epailearen aurretik, baina, Instrukzio Epaitegiak hilaren 28ra atzeratu du hitzordua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu