Segurtasuna

Gora egin du delitu kopuruak Bilbon

2017an, %1,8 gehitu dira delituak. Lapurretak izan ziren gehienak. Udalak azpimarratu du Ibon Urrengoetxearen eta Otxarkoagako adinekoen hilketak “kasu bakanak” direla, eta berretsi du Bilbo “hiri segurua” dela.

Bilboko udaltzaingoaren bi auto, hiriko Santiago katedralaren parean. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
aitor biain
2018ko otsailaren 20a
13:21
Entzun

Delitu kopuruak gora egin zuen iaz Bilbon: %1,8, zehazki, 2016ko datuekin alderatuz gero. Lapurretak dira oraindik ere gehiengoa (%52). Hala jakinarazi du Tomas del Hierro Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Saileko zinegotziak. Bilboko 2017ko segurtasunaren eta delituzko ekintzen erradiografia aurkeztu du udalak goizean, eta aurkezpenean izan dira, halaber, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordea eta Bilboko Udaltzainen eta Ertzaintzaren ordezkariak ere.

Del Hierro zinegotziaren arabera, delinkuentzia “txikia” da oraindik ere Bilbon. Azken bost urteetako joerari jarraikiz, behera egin du delitu kopuruak arlo guztietan iazko datuekin alderatuta. Indarkeriazko lapurretak %8 gutxitu dira, esaterako, eta %18 etxeetan bortxaz egindakoak. Gora egin dute, ordea, lesioak eragin dituzten delituek eta trasteleku eta lokaletan egindako lapurretek. Gehien ugaritu direnak, baina, ondasunen aurkako delituak eta oharkabean sufritutako lapurretak izan dira: %10,8 egin dute gora.

Nabarmentzekoa da, halaber, 2016an baino sexu eraso bat gehiago salatu zela iaz Bilbon. Sexu askatasunaren aurka egindako salaketen ehunekoak ere ia 10 puntu egin du gora. Poliziak atxilotu eta ikertutakoen kopurua ere nabarmen hazi da (%8).

Udalak adierazi du Bilbo “hiri segurua” dela oraindik. Nolanahi ere, azken hilabeteetako gertakariek herritarren segurtasun pertzepzioan eragin dute: Ibon Urrengoetxearen eta Otxarkoaga auzoko 87 urteko senar-emazteen hilketek segurtasun falta sentiarazi baitiete herritarrei –%1 handitu da–. Del Hierrok azpimarratu du “zoritxarreko kasu bakanak” direla, eta lanean jarraitzen dutela halakorik berriro gerta ez dadin.

Hain zuzen, prebentzioa jarri du udalak lan ildo gisa. 14 bilera egin zituen iaz bizilagun elkarte eta bestelako eragileekin segurtasunari lotuta zituzten kezka eta proposamenak jasotzeko. Udaltzaingoak ere informazio kanpaina bat jarri du martxan, eta eskuorriak banatu ditu hiriko denda eta establezimenduetan.

Athleticen partida

Athleticek Moskuko Spartak taldearen aurka jokatuko duen partidaz galdetuta, udalak “kezka” adierazi du. Hala ere, Segurtasun sailburuordeak nabarmendu duenez, plan berezi bat osatu dute Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoak eta Athleticek. Partida egunean bertan, ostegunean, 500 ertzain eta 100 udaltzain inguru ariko dira lanean segurtasuna bermatzeko. Zubiagak “konfiantza” eskatu du, eta zaleei deia egin die “probokazioetan ez sartzeko” eta “Poliziarekin kolaboratzeko”. Errusiako jarraitzaile asko espero dira ostegunerako: 2.500 sarrera eskatu baitzuen talde errusiarrak. Segurtasun neurriak atzotik indarrean daude.

Athletic eta Moskuko Sparteken artekoa “arrisku handiko” partida izendatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.