Justizia prozedura luze baten ostean, Nafarroako Erriberako Termiko Gehiagorik Ez plataformari arrazoia eman dio Espainiako Auzitegi Gorenak. Emandako epaiaren arabera, legez kanpokotzat jo behar da Castejongo (Nafarroa) Elerebro enpresako bigarren talde elektrikoaren jarduera. Izan ere, zentralaren eta udalerriaren arteko tarteak ez du betetzen bi kilometroko distantzia legezkoa; soilik 500 metrokoa da. Bide batez, Gorenak baliogabetu egin du Nafarroako Gobernuak jardun ahal izateko zentralari 2005. urtean emandako baimena. Epaiak, behin betikoa izanik, zentralaren jarduera etetea ekarri beharko luke. Hala izatea espero du Jesus Mari Tomas Termiko Gehiagorik Ez plataformako kideak, baina ez da fidatzen: «Hemen gauzek ez dute beti behar bezala funtzionatzen».
Aditzera eman duenez, nahiago dute zuhurtziaz jokatzea eta itxarotea. «Nafarroan egon dira kontrakoa esaten diguten esperientziak», oroitarazi du. Hau da, epaiak ez dira beti bete izan. Edonola ere, «logikoena» Gorenaren agindua betetzea dela uste du. Hala ez izatekotan orain arteko bidetik jarraituko dutela dio Tomasek: «Eskura ditugun bitarteko guztiak erabiliko ditugu epaia bete dadin exijitzeko». Azaldu du orain arte emaitza arrakastatsuenak bide judizialak eman dituela. Bide horretan azkeneko aukera Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea litzakete: babes judizial eragingarriko eskubidearen urraketa arrazoituko lukete, hau da, epaia aplikatzeko eskubidea urratu izana. Hala ere, horra jo behar izatea «eskandalagarria» litzakeela uste du Tomasek. Izan ere, administrazioari «argudioak» bukatzen ari zaizkiola pentsatzen du, eta, beraz, ezinen duela «bidegabekeriatik» ihes egin. Gorenak emandako epaiak «jauzi kualitatibo» nabarmena dakarrela dio. Lehendik Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak esandakoa berretsi du: zentrala legez kanpokoa da.
Prozedura judizial luzea
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2008ko ekainean ebatzi zuen Elerebroren bigarren taldearen eta herriaren arteko distantzia ez zela nahikoa, eta, hala, Nafarroako Gobernuak eta enpresak sinatutako akordioa baliogabetu zuen. Erabakiaren aurka helegitea jarri zuten orduan bi horiek. Auzitegi Gorenak, ordea, lehenengo epaia ontzat jo du, eta, gainera, Nafarroako Gobernuak zein Elerebrok helegitean emandako argudioak atzera bota ditu. Izan ere, helegiteetan zentralaren jarduera ez zuten hartzen «gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsu» gisa, eta, hala, zentralaren eta herriaren arteko distantziaren arautegiak horrelako kasuetarako aurreikusten duen salbuespenaz baliatzeko asmoa zuten. Gorenak, ordea, ez du onartu argudio hori.
Erabaki honen ondoren, Nafarroako Auzitegi Gorenera itzuliko da kasua berriro ere. Horrek, aldeak bildu, eta epaiaren berri eman beharko die.
Helburuak ez dira aldatzen
Castejonen bi zentral termiko daude egun, bata Elerebro enpresarena, eta Iberdrolarena bigarrena. Lehenengoan, gainera, bi talde elektriko ditu martxan, eta horietako bigarrena da, hain zuzen ere, Gorenak legez kanpokotzat jo duena. Termiko Gehiagorik Ez plataformako kideak ebazpenak «pozik» utzi baditu ere, ez dituzte taldearen helburuak aldatu nahi: herriko zentral termiko guztien jarduera eten nahi dute. Iberdrola bere zentralean bigarren talde elektrikoa zabaltzeko asmotan delarik, gainera, borrokan jarraitzeko zio ugari ikusten dituzte.
Tomasek dioenez, Auzitegi Gorenak ontzat jo du zentralaren eta herriaren arteko distantziaren argudioa. Edonola ere, ez die heldu zentralak ingurumenean eragiten dituen kalteen zein alternatiben azterketa faltaren inguruko argudioei. Tomasek uste du Auzitegi Gorena distantziaren araura mugatu dela eta zentralaren jarduera legez kanpokotzat jotzeko «nahikoa» zela ulertu duela. Edonola ere, plataformak argi dauka zentralak kalte larriak eragiten dituela ingurumenean, kontuan hartuz, gainera, oso hurbilean Bardeako Erreserba Naturala dagoela. Energia sortzeko bestelako aukerak kontuan ez hartu izana ere salatzen du Termiko Gehiagorik Ez plataformak. Izan ere, Tomasek dioenez, baliabide fosilen erabilerak «mendekotasun» handia eragiten du.
Gainera, Castejonen egun martxan dauden hiru talde termikoak legea urratuz egin zirela dio, eta administrazioak eta enpresek legearen kontra ari zirela jakinda jokatu zutela. Horregatik, hori aintzakotzat hartuta, erantzukizunak eta kalte-ordainak eskatu beharko liratekeela ere pentsatzen du Tomasek. Horregatik guztiagatik, Gorenaren epaiak Elerebroren zentralaren bigarren talde elektrikoa etetea ekarriko badu ere, lanean jarraitzeko asmoari irmo eutsi nahi izan dio: «Behin honaino iritsita, ez diegu gure helburuei uko eginen» .
Gorenak arrazoi eman diela eta, Castejongo zentraletako bat ixteko eskaria egin dute
Elerebro enpresaren talde termikoetako baten kontra Gorenak epaia eman duela eta, pozik dira aurkakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu