'Nieves auzia'

Gorenak artxibatu egin ditu Barcina eta Goikoetxearen aurkako salaketak

Auzitegi Gorenak ez du antzeman trafiko influentzia delitua edo eroskeria delitua egin zutela Lourdes Goikoetxeak eta Yolanda Barcinak.

Goikoetxea eta Barcina, martxoan, parlamentura heltzen. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2014ko ekainaren 17a
14:05
Entzun

Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko bost epaileek itxi egin dute Idoia Nieves auzia. Kontuz elkarteak eta ELAk salaketa bana jarri zuten, Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariaren aurka, eta, sindikatuaren kasuan, Yolanda Barcinaren aurka. Alta, auzitegiak ez du deliturik ikusi.

Goikoetxeari egotzitako delitu nagusia trafiko influentzia zen. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak otsailaren 11n salatu zuen nola 2011ko irailean bazkari bat egin zuen Goikoetxearekin. Nievesen esanetan, bazkalostean kontseilari izendatu berriak eskatu zion Ogasunak egin beharreko ikuskaritza planean jasotako enpresen zerrenda pasatzeko, eta Nievesek ezezkoa eman zion.

Gorenak bere autoan aditzera ematen du trafiko influentzia egiaztatzeko ustezko delitu hori gauzatu egin behar dela bere osotasunean. "Delitu mota honetatik kanpo geratzen dira jokabide desegokiak; presio morala ezarri arren, ez dutenak benetako emaitza bat lortzen". Gorenak gaineratzen du jokabide horiek "moralki gaitzezgarriak" izan daitezkeela baina ez direla delitu.

Beste salaketa bat zen Goikoetxeak eskatu ziola NIevesi Ogasunak ikuskatu beharreko bezero bati fabore egiteko, eta susmoak zeuden oraindik ere bere zerga aholkularitza bulego pribatuaren alde lan egiten zuela. Gorenaren arabera, ez da frogatu Goikoetxeak arlo pribatuan jarduera profesionalak egiten diharduela oraindik. ELAk enpresa horrek 10.000 euroko laguntza jasotzen zuela gaineratzen zuen salaketan, baina Gorenak adierazi du ez dagoela irregulartasunik laguntza horretan.

Eroskeria ere egotzi zioten, baina, Gorenaren arabera, ez dago deliturik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.