Auzitegi Gorenak Kutxabank-en aurka (Gipuzkoa Donostia Kutxa) hamahiru inbertitzailek jarritako salaketa atzera bota du. Inbertitzaile horietako bakoitzak 10.000 euro eta milioi bat euro artean galdu zuten Lehman Brothersen kiebraren ostean. Gorenak, aurretik Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak eta Donostiako epaitegiak ebatzi bezala, berretsi du inbertitzaile adituak zirela, eta Kutxa ez zegoela aholkularitza eskaintzera derrigortuta.
Gorenaren arabera, inbertitzaile horietako batek, bere kabuz, Santander eta Popular bankuen akzioei lotutako finantza produktu egituratu baten inguruko informazioa eskatu zion Kutxaren menpeko Kutxa Gestion Privada sozietateari. Horrek, era berean, produktuaren inguruko informazioa eman eta 2007ko otsailan 2an eta abuztuaren 7an operazioaren erosketa aginduak egin ziren. Atzean Lehman Brothersek jaulkitako bonoak zeuden eta garai hartan kaudimen kalifikazio ona zuten, baina 2008ko irailean Lehman Brothersek kiebra jo eta gero, galera handiak eragin zizkien inbertitzaileei.
Salaketa jartzerakoan, inbertitzaileek arrazoitu zuten Kutxak finantza inbertsio hori eskaintzerakoan arduragabekeriaz jokatu zuela eta ez ziela bono horiek jaulkitzen zituen erakundearen gaineko arriskuaren berri eman. Gorenak ebatzi du, ordea, ez Kutxa ez Kutxa Gestion Privada ez zeudela zerbitzu hori eskaintzera derrigortuta "ez zelako aldez aurretik hala hitzartu". Bonoen erosketa onartu zuten bezeroak "inbertitzaile aditutzat" jo ditu Gorenak eta finantza instrumentuen ezaugarrien berri bazutela deritzo. Lehman Brothersek garai hartan bezeroek exijitutako baldintzak betetzen zituztela gaineratu du, eta hortaz ez zela negligentziarik egon.