Legez kanporatzeak

Gorenak EAE-ANV eta EHAK entzungo ditu, jardun politikoari buruzko badaezpadako neurriak hartu aurretik

Gaur zortzi joan beharko dute bi alderdietako ordezkariek auzitegira azalpenak ematera. Espainiako Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak haien jarduera denak eteteko eskatua dute. Legez kanporatzeari buruzko prozesuak, berriz, aurrera segitzen du, eta EAE-ANV eta EHAK-k zortzi eguneko epea dute Gorenari euren argudioen berri emateko. Goizean egin du bilera Auzitegi Gorenak.

2008ko otsailaren 1a
15:46
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko Salak bilera egin du gaur, 10:00etatik, Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak EAE-ANVz eta EHAKz eskatutako badaezpadako neurriak aztertzeko eta, erabakiren bat hartu aurretik, bi alderdi haietako ordezkarien azalpenak entzutea erabaki du. Ostiralerako jarri die ordua: EHAK-k 10:00etan 12:00etan izango ditu bi saio eta EAE-ANVk 16:00etan eta 18:00etan.

Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak neurriak berehala hartzeko galdegina zuten. Gorenak baztertu egin du hori, lau orduko batzarraren ondotik.

Estatuko Abokatuak, Alderdien Legean oinarrituta, EAE-ANV eta EHAKren finantzaketa publikoa bertan behera uzteko eskatu dio Gorenari, baita diru kontuak bahitzeko ere. Behin-behinean jarduera politikoa eteteko, Espainiako hauteskundeetara aurkeztea debekatzeko edo haien zerrendak baliogabetzeko ere galdegin dio.

Fiskaltzak, berriz, EHAK legez kanporatzearen ondorio liratekeen neurriak ezer epaitu aurretik hartzeko eskatu dio, badaezpadako neurri gisa: jardun politikoa debekatzeko, egoitzak ixteko, diru kontu guztiak bahitzeko eta hauteskundeetara aurkeztea debekatzeko. EAE-ANVren jardun politiko oro "ahalik eta azkarren eta, ahal izanez gero, datorren otsailaren 11 baino lehen" eteteko eskatu dio Gorenari, alderdi politikoak Espainiako hauteskundeetan aurkezteko modua izan ez dezan -martxoaren 9an-. Hautagaitzak aurkezteko eta hauteskundeetara joateko eskubidea bertan behera uztea eskatzearekin batera, egun hori baino lehenago EAE-ANVren aurkako bestelako neurriak ere hartzea galdegin dio: alderdiaren egoitzak eta dituen gainerako lokalak ixtea eta diru laguntza publikoen diru sarrerak, kontu korronteak edota alderdiaren izenean dauden gainerako finantza aktiboak bahitzea.

Maria Teresa Fernandez De la Vega Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak esan du badaezpadako neurri horiek hartzen badira, bi alderdi haien eskubideak ez direla urratuko.

Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko ere eskatu diote Gorenari. Prozesuak aurrera jarraituko duela jakinarazi du gaur auzitegiak, eta bi alderdiek zortzi eguneko epea dute Gorenari azalpenak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.