11:00etan joan da deklaratzera Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea herriko epaitegian, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kide eta presoari Bakearen Gernika saria emateagatik. Gorroñok apenas egin duen adierazpenik saioa amaitzean. "Otegik eta Egigurenek bakearen eta adiskidetzearen alde egindako lana baloratu genuen", azaldu du.
Dignidad y Justicia elkarteak salatu zuen Gorroño, eta Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu zuen ondoren. Otegi sarituta, "terrorismoa goraipatzea eta zuritzea" egotzi zioten Gorroñori.
Urtero bezala, eta Gernikako bonbardatzearen urteurrenaren harira, Bakearen Gernika saria banatu zuen Bizkaiko udalerri horrek joan den apirilaren 26an. Otegik eta Egigurenek jaso zuten saria, "bakearen alde egindako ekarpenagatik". Biek ala biek "ideologikoki elkarrengandik urrun egon arren" elkar ulertzea bultzatu zutela nabarmendu zuen orduan Gorroñok. Otegi Logroñoko espetxean (Espainia) preso dagoenez, ez zuen ekitaldira joaterik izan, eta, hortaz, bi politikarien alabek, Garazi Otegik eta Maria Egigurenek, jaso zuten saria.
Handik hilabetera, salaketa aurkeztu zuen Dignidad y Justicia elkarteak Gernikako alkatearen eta epaimahaian "konplize" izan zirenen kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean. Salaketan, aipatutako elkarteak adierazi zuen epaimahaikideek "ondo baino hobeto" zekitela Otegiri espetxe zigorra ezarri diotela epai irmoz "ETAko kide izateagatik", eta, hala ere, "saria ematea, goraipatzea eta jendaurreko omenaldia egitea" erabaki zutela. Gernikako Udalak, Gernika Gogoratuz elkarteak, Kulturaren Etxeak eta Bakearen Museoak osatzen zuten epaimahaia, eta ekitaldian izan ziren, besteak beste, Gernikako alkate ohi guztiak.
Udalbiltzaren babesa
Udalbiltzako kide ere bada Gorroño. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria eta Iratxe Lopez de Aberasturi lehendakariordea Gorroñori babesa ematera joan dira Gernikara.
Udalbiltzak gaitzetsi egin du Espainiako Auzitegi Nazionalaren jokabidea: "Euskal Herriak bakea eta normalizazio politikoa behar ditu, elkarrizketaren bidea jorratuta. Bide horretan Espainiako eta Frantziako estatuetako hainbat instituzio eta eragile traba dira. Udalbiltzak dei egiten du prozesua Euskal Herrian bertan indartzera".
Euskal Herriak nazio gisa garatzeko "bide propioa" izan behar duela ohartarazi du, "subjektu gisa arituz euskal egiturak sortuz eta indartuz".
Halaber, bertan izan da Pello Urizar EAko idazkari nagusia. Esan duenez, Gorroñoren kontrako auzibideak ez du “inongo zentzurik”. Haren iritziz, bakearen alde egindako lana saritu zuten. Hortaz, prozesuak ibilbiderik ez duela izango deritzo. "Justizia justizia izan behar bada, horrela izan dadila eta auzia bertan behera gera dadila”.