Gorroto delituak %57 igo dira urtebetean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2022an 435 gorroto delitu erregistratu dituzte; gehienak (180), lesioak. Jaurlaritzaren esanetan, delitu gehiago erregistratu dituzte polizien «atzemate eraginkortasuna» handiagoa delako, baina baita benetan delitu gehaigo gertatu direlako ere.

Irati Urdalleta Lete.
2023ko apirilaren 17a
12:12
Entzun

Gorroto delituak «esponentzialki» igotzen ari dira azken hiru urteetan, eta igoera «zorrotzagoa» izan da azken urtean. Ondorio horixe atera du Eusko Jaurlaritzak gorroto gertakariei buruzko 2022ko txostenetik. Hitzak datuetara eramanda, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 438 gorroto gertakari erregistratu zituzten iaz, eta horietatik 435 delituak izan ziren. Igoera nabamena: 2021ean baino 158 gorroto delitu gehiago atzeman zituzten; alegia, %57 gehiago. Txostenean, Poliziaren jarduteko moduak eta erregistro sistema hobetzeari egotzi diote igoera, baina onartu dute badirudiela gorroto delituek «benetan» egin dutela gora. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta txostena zuzentzeaz eta koordinatzeaz arduratu den Jon Mirenak gaur aurkeztu dute dokumentua, Eusko Legebiltzarrean.

Delituon biktimak zein kolektibotakoak diren aztertu dute. Delitu gehienek (231k) arrazismoarekin edo xenofobiarekin dute zerikusia; 96k, sexu orientazioarekin eta identitatearekin; 68k, generoarekin; 34k, ideologiarekin eta «orientazio politikoarekin»; bederatzik, elbarritasunarekin; hiruk, sinesmen edo praktika erlijiosoekin; batek, aporafobiarekin; eta beste batek, adinarekin. Bederatzi kasutan, arrazoi batengatik baino gehiagorengatik egin diete eraso.

2022ko erasoei ez ezik, azken urteetako joerari ere erreparatu diote. 2021etik 2022ra, delitu hauek areagotu egin dira: antisemitismoarekin, sexu orietazio eta identitatearekin, generoarekin, ideologiarekin eta orientazio politikoarekin lotutako delituak. Generoari lotutako erasoak, esaterako, iazkoak halako bi baino gehiago izan dira, eta Erkorekak emakumeei egindako ziztadei egotzi die igoera; Mirenak, ordea, esan du agian ez dela «zerbait koiunturala», ziztadek soilik eragindakoa. Sexu orientazioagatik edo identitateagatik egindakoak, berriz, % 31,5 igo dira urtebetean.

438 delitu horiek zenbait motatakoak izan dira. Lesioak izan dira 180, mehatxuak 90, derrigortzeak 50, gorroto diskurtsoak 34, kalteak 2,«tratu apalesgarriak» 21, eta irainak hamar. Sexu erasoak, lapurretak eta kalumniak ere egon dira, baita giza hilketa, bahiketa eta tortura kasuak ere. Delituen %56 Bizkaian egin dituzte; %29, Gipuzkoan; eta %13, Araban.

Datuei kolektiboz kolektibo erreparatuta, arrazari eta xenofobiari lotutako delituetan, esaterako, biktima gehienak (68) arabiarrak izan dira. «Dibertsitate funtzionala» dutenen aurkako delituetan, berriz, biktima gehienek (lauk) desgaitasun fisikoa dute. Gainerako kolektiboen datuak ez dituzte xehatu. Jatorriari dagokionez, biktien 226 Arabakoak, Bizkaikoak edo Gipuzkoakoak dira; %26, afrikarrak; eta %16, latinoamerikarrak.

Atxilotuak

Ertzaintzak 44 pertsona atxilotu ditu gorroto delitu horiekin zerikusia izan dezaketelakoan, 2021ean halako bi baino gehiago. Txostenean jaso dutenez, nabarmentzekoa da atxilotutako gehienak (41) gizonezkoak izan direla. Adinari dagokionez, atxilotuen batez besteko adina 28 urtekoa da, 2021ekoa baino «askoz txikiagoa». Hamar atxilotutik bik 18 urte baino gutxiago zituzten. Gainera, 246 pertsonari egotzi diete gorroto delituak egin izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.