Eguberriko izai koloretsuak oraindik bizi-biziak, saltegiak bakantzen denbora libreen giroan, eta guztia 90eko hamarkadako diskoteketako musikaz itoa, Donibane Lohizuneko hiri barneko karrikek giro berezian errezibitu zituzten Aurore Martinen aurka abian jarria den euroaginduaren salatzen duen komitekoak atzo goizean. Elizaren kanpoko sarreraren ondoan jarri dira hauek. Hor egonen dira 31ra arte.
Musika estilotik arras bestelakoa den giro baten adierazle, hamar gaztek lau eguneko gose greba segitzea deliberatu dute euroaginduaren salatzeko: «Frantses justiziaren jarrera eskandalagarria eta onartezina da, Martinen aurkako euroagindua onartzea erabaki duen neurrian. Aurrekaria larria da, bere proiektu politikoak defendatzeagatik Espainiaratua eta presondegiratua izateko arriskua duelako edonork», Itxaso Cuevasek erranik. Hartu bide hori «oso larritzat» jotzen dute, «demokrazia batean oinarrizko eskubideak direlako adierazpen askatasuna eta proiektu politikoen defendatzeko eskubidea». 31ra arte, beraz, egun guztiz bi elkarretaratze antolatzen dituzte, bata eguerdian eta bestea 19:00etan, biak elizaren aitzinean. Azken egunean, baraualdiari bukaera emateko gauerdian ibilalditxo bat egingo dute Zibururaino. Mobilizazio anitzetan parte hartzeko deia luzatu dute, bide batez, komitekoek.
Eta jada prentsaurrekoaz baliatua zen Mikel Epaltza arrantzaleen apeza, bere sostengua helarazteko: «Perbertsio bat bada Europa erabiltzea, Europari galdatzen ahal diogu egiazki zer den agindu hori. Ea egina den gazteak zapaltzeko? Iritzia erakusten dutenen euskaldunendako? Ez da bide bat. Aurore Martin gazte bat da, maite du bere Euskal Herria, nahi du bakea Euskal Herriarendako, bere talde guztiarekin. Europako parlamentuan izan nintzen. Parlamentu osoak baieztatu zuen bake prozesua. Ez dut ulertzen nola parlamentutik etortzen ahal den lege bat, horrela, gazte bat kanporatzeko».
Gauak elizaren barnean
Egunez elizaren sartze ondoan izanen dira gazteak, karrikan, eta gauak elizaren barnean pasatzeko baimena eman die Donibane Lohizuneko erretore Dominique Errekartek. Dutxarik ez dago, baina komunak utzi dizkiete: «Hotzaz sufri dezakeen edonor errezibitzea, kontu argia da guztiontzat». Gehiago dena, «gazteek erakusten duten eskuzabaltasunarentzat urrikaltasun, mirespen eta errespetu handia daukat». Adierazpen askatasunaren errespetua ebanjelioan dagoela nabarmendu du eta erabakia justifikatzen duen ezer ez duela entzun zehaztu.
Gose greba hasi dute Aurore Martinen aurkako euroagindua salatzeko
Donibane Lohizuneko elizaren aitzinean egunez, eta gauez barnean, abenduaren 31ra arte iraunen du baraualdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu