Gose greban sartu da Daniel Dergi, Espainiaratze eskaera salatzeko

Asteartean aztertuko dute haren aurkako euroagindua; anartean, preso sartu dute Gradignango kartzelan

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gose greban sartu da Daniel Dergi, Espainiaratua izateko arriskupean den euskal preso politiko ohia. Herenegun sartu zuten Gradignango kartzelan (Frantzia), eta han dabil protestan, euroagindua salatzeko. Asteartean ikertuko dute haren Espainiaratze eskaera, Agen hiriko auzitegian (Frantzia).

Kazeta Info-k zehaztu duenez, senideek ezin izan dute harekin gelditu, eta Dergiren neska-laguna atxilotua zegoen autorantz hurbildu eta «bortizki» baztertu zuen Poliziak. 2008an, baldintzapean aske atera zenean, baldintzen artean Euskal Herrira itzultzeko debekua ezarri zioten. Hori dela eta, Cahors hirian (Frantzia) bizi zen azken urteetan. Han atxilotu zuen Frantziako Poliziak astearte goizean.

Prozedura gaitzetsirik

Euskal Herrian bake prozesu baten esperantza badela ikusirik, une honetan Dergi atxilotu izana «probokaziotzat» jo du Giza Eskubideen Aldeko Euskal Herriko Batzordeak. Presoaren «berehalako askatzea» exijitzen du, eta, horrez gain, uztailaren 16an Baionan eginen den manifestaziora biltzeko deia egin du batzordeak. ABk, Batasunak eta EAk deiturik, Aterabide politikoa orain, Euskal Herriaren ezagupena. Presoen eskubide politikoak errespetatu eta errepresioaren gelditzea leloarekin abiatuko da protesta, Baionako Euskaldunen plazatik, 17:00etan. Dergiren askatzea eta Euskal Herriko gatazka politikoarentzat aterabide politikoa aldarrikatuko dute Baionako karriketan.

Lagundu elkarteak, Askatasunak eta Gabi Mouescak ere —Senaturako hauteskundeetan aurkezten da— salatu zuten atxiloketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.