Hilabete bat bakarrik pasatu bada ere, joera argia da: geroz eta behartsu gehiago dira Bihotzeko Ostatuetako ateari joka. Abenduaren 1az geroz dabiltza Sohütan, Aiherran, Angelun, Donibane Lohizunen, Donapaleun eta Donibane Garazin kitorik apairu banatzen, eta apirilaren 1a arte segitu beharko luke neguko banaketak. Diru eskasagatik gosea asetzeko aukerarik ez dutenei apairu goxo eta orekatuak kitorik banatzeko ideia proposatu zuen 1985ean Coluchek,eta urte hartako neguan berean 8,5 milioi apairu banatu zituzten.Geroztik, elkartasun gune horien beharra ez da desagertu; are gehiago, emendatuz joan da. Iaz,elkarteak guztira 109 milioi apairu zituen eskaini Frantzian eta Ipar Euskal Herrian barna.
Aurten eskaeraren araberako eskaintza izanen denik ez da errana, eta horrek kezka sortu du. Olivier Berthe Frantziako Bihotzeko Ostatuen presidenteak alarma gorria piztu zuen aste hasieran, ohartaraziz guztira bost milioi apairu direla eskastuko aurten. «Usaian baino eskaera gehiago dugula gauza segurra da, iaztik %10 emendatu dugu banaketa», azaldu du Pettan Elizaldek, Donibane Garaziko gunearen arduradunak. 1.100 apairu banatu dituzte abenduaren 1az geroz. Iaz 22.523 zituzten banatu; aitzineko urtean, 17.500, eta 2009an, 11.500. Hots, «ikaragarriko» emendioa sendi dute. Krisi ekonomikoaren eragina ezin daiteke uka: 2008az geroz %85 igo da banaketa Donibane Garazin, %10 Donibane Lohizunen eta %35 Aiherran. Pentsio txikiko erretretadunak, lanpostu prekario bat duten gazteak edota langabeak, denetarik bada hartzaileetan. Joera hori sendi ez duten guneak ere badira: Angelun, adibidez, emendiorik ez dutela dio Christian Guillaumek, bertako arduradunak. Iazko neguan 60.000 apairu banatu zituzten 400 familiari, eta aurten ere berdintsu egin behar lukete.
Orain arte guraso bakar anitz bazen, eta orain geroz eta familia handi gehiago badela dio Elizaldek. Joera hori baieztatu du Bruno Nagel-ek, Donibane Lohizuneko gunearen arduradunak. Nahiz iaztik hamar familia gutxiagok izena eman, pertsona kopuru berbera dute. Aiherran ere bezeroen %27 bakarrik bizi badira; %43, bizpahirunaka, eta %29, lau, bost edo seinaka dira ber teilatu pean.
Prekarietate handiagoa sendi da azken urteetan, Dany Robbe Aiherrako Bihotzeko Ostatuen arduradunak dioenez. Bizia «garestiagoa» da, erosteko ahalmena txikituz doa eta estatuak banatu laguntza sozialak «ez dira nahikoak», azaldu du. Aiherrako eta Donibane Garaziko arduradunek diotenez, «bizia goxoagoa dela pentsatuz» kostaldetik barnealdera etorritako jendea dabil ere Bihotzeko Ostatuetan. Nahiz etxe alokairuak pixka bat merkeagoak izan, lana aurkitzeko zailtasun handiagoak dira, garraiorako gastuak ere gehiago dira... Hots, usteak erdi ustel, maiz kostaldean zituzten diru zailtasunak ez dira desagertzen barnealdera helduz eta Bihotzeko Ostatuetara joan behar dute anitzek.
Janari beharretan
«Eskuzabaltasun nazional, publiko eta pribatuaren» beharra dagoela azpimarratu zuen Berthek asteartean. Eskaera guztiak betetzen ahalko dituzten ez dakite Ipar Euskal Herriko elkarteen arduradunek ere. «Iazko banaketa kopuruarekin ezinezkoa zaigu eskaera gehiagori erantzun egokia ematea», dio Aiherrako arduradunak, hots, prekarietate heinaren araberako banaketa egiten zen orain arte, baina badaki aurten behar handienetan direnei zor zaien guztia ez zaiela ematen ahalko. Botere publikoei begira da emakumea: «Gobernuari erraten diogu: mugitu ipurdia, bestela zapartatuko da egoera!». Aurrekontuaren %23 Europatik banatua da, eta diru laguntza hori desagertzeko arriskua sendi dute. Europako Batasuneko estatu batzuek ez dute onartzen 1987tik geroz dagoen behartsuenentzako laguntza bideratzen duen Europako programa. Oraino bi urtez atxikitzea lortu badute, baliteke 2013tik aitzina desagertzea.
Herritarrek eta bertako saltegiek eman janariari esker ere segi dezakete aitzina. «Beharrik hemen jendeak bihotz ona duela», dio Elizaldek. Donibane Lohizunen, adibidez, janarien %40 bertako saltegiek banatu elikagaiei esker segurtatua da. Herritarren laguntza «ezinbestekotzat» dute guztiek, baina, hala ere, badakite urtez urte emendatuz doan eskaerari erantzun bat emateko ez dela horretan bakarrik kontatzen ahalko. Negua pasatu eta behar handienean direnei janaria banatzen segitzen dute, eta hori osoki tokiko jende eta saltegien sostenguari esker.
Gosea asetzeko zailtasunak
Beharretan direnei apairu banatzen die Bihotzeko Ostatuek 1985. urteaz geroz. Azken urteetan beharra etengabe emendatuz doala eta, eskaera guztiei erantzuteko ezintasuna sendi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu