Grabitazio uhinak atzematea lortu dute LIGO nazioarteko esperimentuan. Aurreko asteetatik ari zen zabaltzen aurkikuntza baten zurrumurrua, eta agerraldi batean baieztatu dute: grabitazio uhinak aurkitu dituzte.
Irailaren 14an egin zuten aurkikuntza
Zientzialariek pisu handia eman diote aurkikuntzari. Zuzeneko eragin praktikorik ez du izango oraingoz, oinarrizko zientziari baitagokio. Baina kosmosa ikertzeko moduan aldaketa izango da: orain arte, izan ere, argiaren bidez soilik jaso da kosmosari buruzko informazioa; grabitazio uhinak topatuta, orain arte ezer ikusten ez zen tokien berri ere jaso ahalko dute —zulo beltzak, esaterako—. Uste dute unibertsoaren sorrera ikertzeko bidea jar dezakeela.
Grabitazio uhinak zer diren azaltzeko, ur putzu baten adibidea jarri dute adituek: han uhinak sortzen diren moduan, hala agertzen dira kosmosean. Kolpeek edo leherketek sortutako uhinak lirateke, oso zailak atzematen Lurretik. Esperimentuan laser izpiak erabili dituzte uhinak atzemateko.
Aurkikuntza berria da, baina susmoak orain ehun urte bazituen Albert Einsteinek. 1905ean kaleratu zuen Erlatibitatearen Teoria, eta hura berretsiko luke oraingo aurkikuntzak. Orain arte egiaztatu edo gezurtatu gabe zegoen, “ebidentziarik” ez topatzen eta.