Aurtengo Martxoaren 8an mugarria jarri zuten, eta datorren urtean ere greba feminista egingo dute emakumeek. Euskal Herriko mugimendu feministak iragarri du 2019an ere grebara deituko duela Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta 24 ordukoa izango dela. Berdintasunik eza, emakumeak zapaltzen dituen gizarte eredua salatuko dute mobilizazio horren bidez. Gasteizen batzarra egin zuen atzo mugimendu feministak, eta ondoren iragarri zuen mobilizazioa egiteko asmoa, sare sozialetan zabaldutako mezu labur baten bidez. Datozen asteetan hasiko dira herriz herri lanean, greba prestatze aldera. Azaroaren 17an batzarra egingo dute berriro, Donostian, eta greba deialdiaren helburuak zehaztuko dituzte.
Emakumeok planto! lelopean egin zuten martxoko greba, eta sekulako oihartzuna izan zuen. Aspaldiko manifestaziorik handienak egin zituen mugimendu feministak, eta lehen lerroan jarri zituen emakumeen aldarrikapenak, jasaten duten zapalkuntzaren salaketa. Enpleguaren sektoretik harago jo zuten grebarekin, eta zaintzaren esparrura ere eraman zuten, baita kontsumora ere.
Datorren urteko deialdia nolakoa izango den jakiteko zain, aldaketa bat, bai, izango da. Aurreratu dute 24 ordukoa izango dela grebarako deialdia. Aurtengo Martxoaren 8an gehiengo sindikalak lau orduko bi greba deialdi egin zituen: goizean eta arratsaldean. Emakume askok, halere, egun osoko greba egin zuten. Euskal Herrian ez ezik, beste dozenaka herrialdetan egin zuten greba.
Greba feminista egingo dute berriro
Martxoaren 8rako 24 orduko greba prestatzen hasi da Euskal Herriko mugimendu feminista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu