M8-ko Emakumeok Planto

Greba "historikoa" izan dela ziurtatu dute sindikatu deitzaileek

ELA, LAB, Steilas, ESK eta CGTk nabarmendu dute grebak "jarraipen oso zabala" izan duela sektore feminizatuetan.

jarraia149465.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 8a
09:58
Entzun

Emakumezkoei soilik zuzendutako greba deialdia egiten den lehen aldia izanik, datuen konparaketetarako aukerarik ez dagoela adierazi du Leire Txakartegi ELA sindikatuko ordezkariak. Hala ere, grebaren eta lanuzteen jarraipena "oso zabala" izan dela nabarmendu du. "Hezkuntza, eskola jantoki, ikastola, egoitza, garbiketa eta kontserba sektorea bezalako arlo feminizatuetan lanuztea ia erabatekoa izan da".

Txakartegik adierazi du merkataritza, hedabide, telemarketing, udaletxe eta kiroldegi askotan ere jarduna eten egin dela. Metal arloko "enpresa asko" itxi egin direla ere nabarmendu du, "emakumeak gutxiengoa izan arren".

Zaloa Ibeas LABeko ordezkariak, aldiz, Eusko Jaurlaritzak greba egunerako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak kritikatu ditu. "Gehigizkoak" direla salatu du; bereziki, "sektore feminizatutetan". Ondorioz, langile horiei "nolabait grebarako eskubidea ukatu" diela ohartarazi du. "Adierazpen instituzionaletatik eta hitzetatik harago, egoera aldatzeko borondate politikoa falta da", adierazi du.

Grebak hezkuntzan izan duen jarraipen "garrantzitsua" nabarmendu du Ana Perez Steilaseko ordezkariak. "Ikastetxe guztiek parte hartu dute lanuzteetan". Adierazi duenez, "haur eskoletatik unibertsitateetaraino, emakumeen lanuztea garrantzitsua izan da eta nahiko masiboa izan da". Ikasleen jarrera "eredugarria" izan dela ere ziurtatu du Perezek, eta "oso harro" agertu da horregatik.

ESK-ko bozeramaile Isabel Castrok ere ontzat eman du emakumeek deialdiari eman dioten erantzuna, baina ohartarazi du askok ez dutela greba egiteko aukerarik izan, lan prekarioak dituztelako edo etxeko langileak direlako. Feminismoaren eta sindikalgintzaren arteko elkarlana indartzen ari dela adierazi du Castrok. "Hori oso ona da eta ez gara hemen geldituko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.