Hezkuntzako murrizketen aurkako protestak areagotu egin dira Nafarroan. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak deituta, greba mugagabea hasi zuten atzo irakaskuntza ertaineko irakasleek, eta gaur hezkuntzako gainerako sindikatuek antolatu dituzten hiru greba egunetako lehendabizikoa eginen dute.
Nafarroako Gobernuak iragarritako murrizketak bertan behera uztea da protesta horien guztien helburu nagusia. Hezkuntza Departamentua, ordea, ez da hori egiteko prest agertu orain arte. Atzo bertan, Jose Iribas kontseilariarekin bilera egin zuten sindikatuetako ordezkariek, eta Iribasek argi utzi zuen Nafarroako Gobernuak murrizketei eutsiko diela. Neurri horiek malgutasunez ezarriko dituela gaineratu zuen kontseilariak, hala ere.
Atzo hasitako greba mugagabeari buruz, irakasleen %0,55ek egin zuten bat protestarekin, 15:00ak bitarte, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Nafarroan, unibertsitatetik kanpoko 8.000 irakasle inguru dago, eta haietako 3.500 aritzen dira irakaskuntza ertainean. Horiek deitu dituzte greba mugagabera. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak gaur arte ez du protestak jasotako erantzunari buruzko daturik emanen.
Irakasleen elkarteko ordezkari Alberto Royok argi du greba mugagabea dela neurririk egokiena murrizketei aurre egiteko, eta nabarmendu du sindikatuko kide gehienek protesta modu horri eman diotela babesa. «Hilaren 28rako, ziurrenik, datorren ikasturterako lantalde guztiak itxita izanen dira eta, ondorioz, 29ko eta 31ko greba egunek ez dute zentzurik izanen».
Gaurkoarekin batera, 29koa eta 31koa dira Nafarroako hezkuntzako gainerako sindikatuek deitutako bertze bi greba egunak. Data horretatik aurrera, sindikatuen gehiengoa ere greba mugagabea egiteko prest agertu da.
«Murrizketek berehalako erantzun sendoa behar dute», berretsi du Royok. «Irakasleen lan baldintzei egiten diete eraso, eta, batez ere, irakaskuntzaren kalitateari; hori dago jokoan». Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari hezkuntzan iragarritako neurriak bazter uzteko eskatu diote bigarren hezkuntzako irakasleek.
Manifestazioak
Gaurko greba eguneko xedea ere hori izanen da. Murrizketak jasotzen dituen dekretua baztertzea Nafarroan. Atzo batzarrak egin zituzten herrialde horretako ikastetxe anitzetan, eta, zenbaitetan, atzo bertan hasi zituzten mobilizazioak. Iruñeko Txantrea auzoko Eunaten, adibidez, itxialdia antolatu zuten, bai eta Burlatako Askatasuna institutuan ere. Iruñeko Bernart Etxepare zentroan ere itxialdia egiteko asmoa zuten, baina udaltzainek ez zieten utzi.
Gaurko ere irakasleak, ikasleak eta gurasoak hainbat mobilizaziotara deitu dituzte greba antolatu duten sindikatuek. Iruñean, eguerdiko hamabietan eginen dute murrizketen aurkako manifestazioa. Nafarroako Parlamentuaren egoitzatik hasi, eta Hezkuntza Departamentuaren egoitzaraino eginen dute bidea. Tuteran ere eguerdian hasiko da manifestazioa, Foruen plazan. Lizarran, berriz, goizeko hamarretan eginen dute, ikastetxetik Foruen plazara. Eguerdian Iruñeko manifestazioan parte hartuko dute Lizarrako ikastetxeko kideek. Zangozan, arratsaldez aterako dira irakasleak karrikara, protesta egitera.
Unibertsitateko ikasleek, irakasleek eta langileek ere bat egin dute gaurko grebarekin. 10:00etan elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta 11:00etan handik abiatuko dira parte hartzaileak, eguerdiko manifestazioarekin bat egiteko.
Greba mugagabea hasi dute irakasleek, baina Iribas ez da atzera egiteko prest agertu
Nafarroan sindikatuen gehiengoak deitutako hiru greba egunetako lehenengoa eginen dute gaur, murrizketen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu