Grebara deitu zutenen elkartasuna Nafarrateri

Joseba Nafarratek Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo du gaur, semearekin gertatutakoa dela eta

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Martxoaren 29ko greba egunean Ertzaintzak larri zauritu zuen Xuban Nafarrate, eta haren aita Joseba Nafarratek Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo du gaur. Greba hartara deitu zuten sindikatu eta eragile sozialek gertatutakoa dela-eta elkartasuna adierazi diote Nafarrateri eta haren sendiari, eta eskatu dute neurriak hartzeko halakorik gehiago gerta ez dadin. Gaztea berehala osatzeko nahia ere azaldu dute.

Lau puntu jakin jasotzen dituen agiria igorri dute komunikabideetara lan erreformaren kontrako grebara deitu zutenek. Elkartasuna adierazteaz gain, gertatutakoaren ardura Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuarena dela nabarmendu dute. Haren jarrera salatu dute, gertatutakoa argitzeko ikerketarik ez duelako hasi eta «balio ukaezina» eman diolako poliziak aurkeztutako argitze agiriari .

«Egungo polizia eredua» ez dutela gustukoa ere jakinarazi dute, eta «halako polizia ekintzekiko erabateko gaitzespena» azaldu. Beraien irudiko, egoera are larriago egiten du «jardunbide protokolorik ez egoteak».

Greba egunean Nafarrateri gertatutakoaren gisakorik berriz ez dela gertatuko ziurtatzeko bitartekoak ezartzeko eskatu dute, eta gertatutakoaren erantzukizunak argitzea galdegin.

Nafarrate zainketa intentsiboen unitatera eraman behar izan zuten greba egunean. Gasteizko Instrukzio epaitegian jarri zuen salaketan dio «jotzeko asmoa zuen» ertzain bat jarraitzen hasi zitzaiola, eta, hark lasterketari ekin zionean, «metro gutxira zegoen beste ertzain baten» pilotakada jaso zuela buruan. Salaketaren arabera, Nafarratek hamabost minutu egin zituen lurrean, espasmoekin eta konbultsioekin, anbulantzia iritsi aurretik.

Hori frogatzeko, bi bideo aurkeztu ditu Joseba Nafarratek auzitegian, eta lekukoak ere badituztela dio.

Bestelakoa da Aresen bertsioa. Hark dioenez, Nafarrate ez zuen pilotakada batez zauritu, baizik eta Ertzaintzari ihesi korrika ari zela espaloi bat jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.