Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hilaren 31rako sektore publikoan deituta zegoen greba bertan behera geratu ostean, egun horretarako bi orduko lanuztera deitu du LAB sindikatuak: 11:00etatik 13:00etara. Horrekin batera, manifestazioak eta elkarretaratzeak egingo dituzte. «Zerbitzu publikoen aurkako erasoaldian jauzi kualitatibo bat eman da», adierazi du sindikatuko zerbitzu publikoko arduradun Arantxi Sarasolak. Nafarroan greba deialdiari eutsi diote.
ELAk, LABek, EILASek eta ESK-k egin zuten hilaren 31rako greba deialdia. EILASek eta ELAk, ordea, atzera egin zuten iragan astean. Eusko Jaurlaritzaren iragarpenak izan ziren atzera egiteko arrazoia: murrizketak ez dituela ezarriko agindu du gobernuak, eta horretara «egokitu» nahi izan dituzte bi sindikatuek protestak: itxialdiak, elkarretaratzeak eta horrelakoak antolatuko dituzte.
LAB ez dago ados greba bertan behera geratu izanarekin. «Erresistentziako estrategia hutsetik estrategia ofentsibo eta eraikitzaile batera jauzi egin behar dugu». Sarasolak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua dagoeneko ari direla murrizketak ezartzen, eta mozketen aurka Eusko Jaurlaritzak iragarritako helegitea salatu du. «Espainiako Gobernuak du zerbitzu publikoen ereduaren inguruan azken hitza. Badakite helegiteen bidea erabat antzua dela, baina hauteskunde helburuetarako ondo datorkie. Iruzurra egiten ari zaizkigu».
Sarasolak nabarmendu du egoerari aurre egiteko modu bakarra «politikoa» dela. «Gure instituzioak behartu egin behar ditugu zerbitzu publikoak garatzera eta enplegu publikoa sortzeko neurri fiskalak hartzera. Bestalde, Madrilen aurrean gure lan baldintzak zein diren eta gure zerbitzu publikoen eredua zein den erabaki ahal izateko eskubide politikoa aldarrikatu behar dugu. Horiek betetzeko aliantzak egin behar ditugu».
ESK-k ere deialdi berdina egin du hilaren 31rako: bi orduko lanuztea, 11:00etatik 13:00etara. Herritarrei eskatu die parte hartzeko protestetan.
Mendiaren erantzuna
Eusko Jaurlaritza pozik azaldu da hilaren 31ko greba deialdia bertan behera geratu delako.«Ulertezina zen greba deialdia. Herri hau ez dago halakoetarako, baizik eta denen ahaleginari esker Euskadi eta Espainia aurrera ateratzeko. Hori tokatzen da une honetan», nabarmendu du Idoia Mendia bozeramaileak, LABen erabakiaz galdetuta.
Mendiak gogorarazi du Espainiako Gobernuak hezkuntzan eta osasunean iragarritako murrizketen aurka azaldu dela Eusko Jaurlaritza, eta esan du «ahalegin handia» egin dutela «kalitatezko enplegu publikoa» mantentzeko. «Egia da murrizketak egin behar izan ditugula eta langileen gastua doitu dugala. Baina ahalegin handia egin dugu iaztik deituta zeuden lan eskaintza publikoei eusteko, eta egingo dira».
Grebara ez, bi orduko lanuztera deitu du LABek hilaren 31rako
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11:00etatik 13:00etara egingo dute lanuztea; Nafarroan grebari eutsi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu