Gipuzkoako errauste plantaren finantzaketa oraindik airean dagoela, eta otsaila baino lehenago ez dela argituko adierazi du Greenpeace talde ekologistak. «Nahiz eta EIB Europako Inbertsio Bankuak oraindik ez duen berretsi proiektua finantzatuko duen edo ez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak joan den uztailaren 16an onartu zituen Zubietako errauste planta eraikitzeko lehiaketa publikoko pleguaren baldintzak, eta hori irregulartasun bat da prozesuan», salatu du Greenpeacek.
Hondakinen partzuergoak joan den uztailaren 16an egin zuen bilera, eta obraren lehiaketako baldintzak onartu zituen. Jakinarazi zuen, proiektua gauzatzeko, Europako Inbertsio Bankuak 195 milioi euro utziko dituela maileguan; bi finantza erakunde pribatuk 90 milioi euro eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste 127 milioi euro jarriko dituztela aurreratu zuen partzuergoak orduan. Dirutza hori Gipuzkoako hondakinen planean jasotzen diren azpiegitura guztiak eraikitzeko erabiliko da; haien artean dago Zubietako errauste planta -223 milioi euroko aurrekontua du, BEZik gabe-. EIBrekin hitzarmena lotua zegoela adierazi zuen, orduan, Carlos Ormazabal Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidenteak, eta segurutzat jo zuen urtea bukatzerako izapideak amaitzea eta lanak nork egingo dituen ebaztea.
Greenpeacek zalantzan jarri ditu epe horiek, ordea. Azaldu duenez, EIBri gutuna bidali zion ekainean. Bankuak adierazi berri dio talde ekologistari eskakizunak aztertuko dituela, eta otsailaren 9an emango diola erantzuna. Horregatik, Greenpeacek azaldu du errauste plantaren finantzaketa ez dela argituko otsailera arte.
Gutun hartan, ekologistekEIBri eskatu zioten Zubietako errauste plantaren finantza bideragarritasuna «zorrotz» aztertzeko. Greenpeacek uste du, gainera, errauste planta ez dela egokitzen Europak hondakinei buruz onartuak dituen araudietara, eta gizartearen onespenik ere ez duela. Taldeak zehaztu du, 2009rako, Gipuzkoan martxan behar zutela hiru konpostatze plantak, eta bakarra dagoela egun. Horrek erakusten du erraustearen aldeko erabakia, ekologisten esanetan.
Horregatik guztiagatik, EIBri proposatu dio Gipuzkoara bisitan joatea, ikusteko herrialdean badela errauste plantarentzako «alternatiba» bat, atez ateko hondakinen bilketa:«Merkeagoa da, efizienteagoa, eta legearekin, osasunarekin eta ingurumenarekin errespetu gehiago du».
Bestalde, errauste plantak ez duela bideragarritasunik salatu dio Greenpeacek EIBri. Proiektuan aurkeztutako kontuak ez direla sinesgarriak, eta finantza asmoak «zalantzazkoak» direla ohartarazi du: «Aurkeztu dituzten txostenetan Gipuzkoan sortuko diren hiri hondakinen kopuruak puztuta daude».
Greenpeaceren hitzetan, otsailera arte ez da argituko errauste plantaren finantzaketa
Gipuzkoako proiektua ez da bideragarria, ekologisten ustez, hondakinen kopuruak «puztuta» daudelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu