Ezohiko fenomeno bat gertatu da Groenlandian. Izan ere, uhartearen %80 inguru estaltzen duen izotz geruza erraldoiaren tokirik gorenean, 3.216 metrora, euria erregistratu dute aurreneko aldiz. Normalean, tenperaturak 0 azpitik beherakoak izaten dira han, nabarmen; horrenbestez, prezipitazio horiek klima larrialdiaren adierazle garbi bat dira, adituen arabera.
AEBetako Zientzien Fundazio Nazionaleko zientzialariek ikusi zuten euria ari zuela abuztuaren 14an, baina ez zeukaten gailurik erortzen ari zen ura neurtzeko, gertaera ustekabekoa izan baitzen. Groenlandian pentsatzen dute 7.000 milioi tona ur erori zirela. Abuztuaren 14aren bueltan, eta hiru egunez, ezohiko tenperaturak neurtu zituzten Groenlandian; urteko sasoi honetan ohikoak direnak baino 18 gradu beroagoak zenbait tokitan. Horrek euria ekarri zuen, eta, beraz, Erresuma Batua halako lau den zati bat urtu zen Groenlandian.
CNN hedabideak gertatutakoaz galdetu dio Ted Scambosi, Coloradoko Unibertsitateko Elurraren eta Izotzaren Datuen Zentro Nazionaleko zientzialariari: «Gertatzen ari dena ez da bi hamarraldi epel tokatu direla nora gabe dabilen klima eredu batean. Honek ez du aurrekaririk. Eta hau ez da aldatuko aireari egiten ari gatzaizkiona doitu arte».
Joan den maiatzean zientzialariek ohartarazi zutenez, inflexio puntu batera hurbiltzen ari da Groenlandiako izotz geruza; behin horretara helduta, berotze globala etenda ere, urtze azeleratua ezingo litzateke eragotzi.
Urteko bigarren urtzea
Uztailean ere beste urtze bat gertatu zen, abuztukoa eragin duen fenomeno berarengatik: aire beroa Groenlandiara heldu zen, eta han gelditu. Adituen esanetan, «blokeo» horiek ez dira ezohikoak, baina gero eta larriagoak bihurtzen ari dira.
Azkeneko 30 urteotan lau urtze orokor erregistratu dituzte Groenlandian: 1995ean, 2012an, 2019an eta aurten. Adituen arabera, azken 12.000 urteotan inoiz ez bezala urtzen ari da Groenlandiako izotza, azkarrago: 2019an, gutxi gorabehera milioi bat tona izotz galtzen zen minutuero uhartean. Eta horrek, noski, itsas mailari eragiten dio. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak argi utzi zuen: herrialdeek euren konpromisoak bete eta mende amaierarako karbono neutraltasuna lortuko balute ere, itsasoaren mailak 28 eta 55 zentimetro egingo luke gora.