Giza eskubideak

Guantanamoko atxilotze eremua berehala ixteko aholkatu du NBEk

Torturak eta tratu txarrak gertatzen direla-eta AEBen Kubako, Guantanamoko baseko, atxilotze eremua berehala ixteko aholkatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak. 520 lagun dauzka preso Washingtonek Guantanamon, Al Kaeda sarearekin zerikusia dutela egotzita. Preso horiek ez dituztela oraindik epaitu nabarmentzen du Nazio Batuetako giza eskubideen alorreko bost adituk egin duen txostenak; areago, ohiko auzipetze bideetatik kanpo dituztela, inolako eskubiderik gabe. AEBetako Gobernuak txostena kritikatu du, NBEko kide horietako bakar bat ere ez dela Guantanamon egon argudiatuta.

2006ko otsailaren 14a
11:20
Entzun
NBEren txostena ez dute oraindik ofizialki aurkeztu, baina nazioarteko agentziei filtratu zaienez, Guantanamoko presoei oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkiela eta, gainera, torturak jasaten dituztela esaten da idatzian. Hori dela eta, atxilotze zentroa berehala ixteko aholkatu dute Nazio Batuetako adituek.

Batetik, Guantanomoko presoak oraindik epaitu gabe eta ohiko auzipetze prozeduretatik kanpo daudela salatu dute txostenaren egileek, eta, besteak beste, beren defentsako abokatua aukeratzeko eskubidea ukaten zaiela gogorarazi dute.

Bestetik, eguneroko bizitzan presoek torturak jasaten ditutela diote Nazio Batuetako adituek: luzaz bakartuta edukitzen dituztela, biluzarazi egiten dituztela, muturreko tenperaturetan edukitzen dituztela, txakurrekin mehatxatzen dituztela, eta gose grebaren hautua egin dutenak derrigorrez elikatzen dituztela —sudurreko zunden bidez—. Praktika horiek guztiak aldi berean gauzatuta tortura direla nabarmendu du txostenak.

Arestian aipatu bezala, NBEko giza eskubideen arloko bost adituk egin dute azterketa, Giza Eskubideen Batzordeak aginduta, eta 18 hilabetez Guantanomoko preso ohiak, abokatuak eta senideak elkarrizketatu dituzte. Aditu horiek ez dira inoiz atxilotze zentroan izan: uko egin zioten hara joateari AEBetako Gobernuak debekatu egin zielako presoekin hitzegitea.

Hain justu,Washingtonek hutsune horri heldu dio Nazio Batuen txostena kritikatzeko: egileak Guantanamon egon ez direnez ez duela zilegitasunik iritzi dio Etxe Zuriak. George Bush AEBetako presidenteak bilera izan zuen atzo Kofi Annan NBEko idazkari nagusiarekin, eta txostenarekin suminduta zeudela jakinarazi zion batzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.