Altsasuko auziko epaiketak prentsan eragindako lehen egunetako ikusmina apaldu bada ere, epaiketa ez da amaitu, eta bigarren astean sartu da gaurkoan. Hain zuzen ere, astelehen eta astearteko saioan akusazioa ahaleginduko da Altsasun gertatutakoa terrorismo delituarekin lotzen, eta, horretarako, hainbat aditu deituko dituzte deklaratzera, besteak beste, guardia zibilak eta haien bikotekideak artatu zituzten medikuak. Aurreko astean bezala, oraingoan ere, auzia bertatik bertara kontatu du Joxerra Senar kazetariak.
Kapitainak lekuko gisa deklaratu du gaur goizean, nahiz eta peritua ere baden. Erasoa planifikatua izan zela frogatzeko, lau aurrekari jarri ditu: 2016ko ekainean ate irekien eguna, 2016ko ospa eguna, urriaren 12ko meza eta Etxarrin presoen alde izandako manifestazioa. "Garrantzia handia ematen diogu manifestazio horri, ezker abertzaleko disidenteek antolatu zutelako". Kapitain horren arabera, Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno lauretan egon ziren, nahiz eta, Izkori erantzunez, onartu Ramirez de Alda eta Unamuno ekaineko identifikazioetan ez direla ageri (egun horretan zortzi lagun identifikatu zituzten).
Auziperatuen aurrean, aurrekarien artean, bi pertsona ageri dira. Aratz Urrizolak 2012ko Ospa Eguna prestatzeko batzar batean parte hartu zuen, eta Julen Goikoetxeak 2015eko Ospa Eguneko bazkarian. Defentsaren galderei erantzunez, onartu du bazkari hartan "jende ugari" zegola eta musika zein jai giroa zegoela.
Bai kapitainak eta bai R-10766 guardia zibilek tenienteari, sarjentuari zein euren bikotekideei (Maria Jose Naranjo eta Pilar Perezi) hartutako bi deklarazioetan parte hartu zuten: lehena gertaera izan eta ordu gutxira hartu zieten, eta bigarrena azaroaren 7an. Era berean, zehaztu dute susmagarriak identifikatzeko argazki identifikazioetan "Sakanako eta Nafarroako" pertsonen argazkiak sartzen dituztela. Txostenetan ez dituzte sartzen lan operatiboa egin duten guardia zibilen identifikazioak.
Auzitegi medikuaren deklarazioa
Lehena deklaratzen Mar Palma auzitegi medikua izan da. Behin bakarrik aztertu zituen kolpatutako lau pertsonak. Palmaren arabera, tenienteak orkatila "bi tokitatik hautsita" zuen, eta, "pertsona gazte batean" halako lesioa emateko "kolpe handi" bat beharrezkoa dela gaineratu du: "Pertsona gazte batean, ohikoagoa da I, II edo III mailako bihurridura bat (esginzea) izatea edo albeolo baten haustura, ez biena". Defentsen galderei erantzunez, ez du baztertu "tolestura baten" edo erorketa baten ondorioz izatea, baina batik bat kolpearen ondorioz dela azpimarratu du. "Dena den medikuntzan ez dago ezer %100ean ziurtatzerik", gaineratu du.
Sarjentuak buruan koskor bat zuen, eta ubeldura izterrean. Azaroaren 10ean egin zien azterketa, gertaera izan eta hiru aste eta erdira. Ordurako, ubeldura "garatzen" ari zen, eta "kolorazioa zuen tonalitate desberdinekin". Bere esanetan, sarjentuak deskribatutako kolpeekin "bateragarria" den hematoma zeukan. Hala ere, ez du zehaztu zein kolore zuen ubeldurak.
Bai Maria Jose Naranjok bai Pilar Perezek aurreko egunetan ubeldurak izan zituztela adierazi zioten. Dena den, Narajoren kasuan, azaroaren 10ean "ez zuen ubeldurarik". Auzitegi medikuak azpimarratu du psikologoa hura artatzen ari zela eta lo egiteko arazoak zituela. Beldurra zuen kalera ateratzeko, egun asko eman zituen eskolara joan gabe, eta etengabe zegoen negarrez. "Jende asko ezagutzen zuen eta ez zuen ulertzen zergatik jo zuten. Emozionalki, kolpe handi bat izan zen".
Akusazioaren bi froga, atzera
Coviteko abokatuak eskatu du froga gisa onartzeko ustez Ospa Egunekoa den bideo bat. Aurreko astean Espainiako komunikabide batean agertu zen, eta txanodun batzuk ageri ei dira guardia zibilak kanporatzeko eskatuz. Era berean, Altsasuko pankarten edukiak froga gisa onartzeko eskatu du. Hala ere, epaimahaiak aho batez atzera bota ditu eskaerak.