Guardia Zibilak ikerketa bat egin du euskarazko ereduan Nafarroan ari diren irakasleei buruz, frogatu nahian "etazaleak" ari direla eskoletan irakasten. Lautik bat hala dela ondorioztatu dute, horretarako kontuan hartuz zein sindikatutako kide diren, familian presoak badituzten eta horrelako irizpideak. Horren ondotik, Nafarroako euskarazko ikastetxe hainbat ETArekin lotzeko albisteak kaleratzen ari dira Espainiako hainbat hedabide.
Horren aurrean, bi deialdi egin dituzte: euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea aldarrikatuko dute Tafallan, abenduaren 14an, larunbatarekin, 17:00etan. Abenduaren 18an, berriz, asteazkenarekin, manifestazioa egingo dute Iruñean, D ereduaren aurkako "manipulazioa" salatzeko. Antoniuttitik abiatuko da protesta, 18:00etan, Hezkuntzan kolore guztiak leloarekin.
Deitzaileen artean daude ELA, EILAS eta LAB sindikatuak, eta Sortzen Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak taldeak. Protestaren inguruko xehetasun gehiago aurrerago emango dute.
Eztabaida parlamentuan
Orain arte inork iikusi ez duen "kopia" ikusi du Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak. Bakartxo Ruizek EH BIlduko legebiltzarkideak egindako galderari erantzunez egin du baieztapen hori. Ruizek galdegin dio "noiz" izan zuen gobernuak txostenaren berri, "noren ekimenez" garatu zen, "nork" eman dion gobernuari, eta "jendearen ideologia aztertzea ohikoa" den. Ez dio "inork" informaziorik eskatu Nafarroako Gobernuari txosten hori egiteko, Iribasek erantzun duenez, eta txostena "gobernuko kide batzuek" soilik ezagutzen dute.
Adierazpen trukaketa gogorra izan da, "errespetu falta" leporatuz elkarri. Iribasek izan du azken hitza. Ruizi esan dio nahiago duela "zuek bezelakook" parlamentuan egotea irakasten egotea baino.
EH Bilduk "erabilera politiko zikina" egitea leporatu dio UPNri eta "sorginen ehiza" egitea. "Erortzear den erregimena mantentzeko edozer egiteko gai" dela uste du Ruizek.
PSNren "zalantzak"
Nafarroako sozialistek zalantzan jarri dute "balizko" txostenik baden ere, eta "baldin bada" eta gobernuaren esku badago "legebiltzarrak ezagutu behar du". Gauza "oso larriak" gertatzen ari dira haren ustez, eta "inmoralitatea" deritzo "hezkuntza eredu bat ekintza terroristari lotzea".