Gurasoei eraso dietelakoan artatutako nerabeen kopurua bikoiztu egin da Bizkaian

Semeek egin ohi dituzte erasoak, baina alabenak hirukoiztu egin dira; amei oldartzen zaizkie gehienak

Juan Maria Aburto eta Jon Etxebarria, atzo, datuak ematen. JON HERNAEZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gurasoei ustez eraso dieten 49 neraberen berri jakin zuen iaz Bizkaiko Foru Aldundiak, 2009an baino 24 gehiagorena —25 izan ziren orduan—. Bikoiztu egin da, beraz, aita-amei erasotzeagatik Bizkaiko Diputazioak artatutako gaztetxo kopurua. «Kontuan hartzekoa» da igoera, Bizkaiko Diputazioko Gizarteratze zuzendari Jon Etxebarriaren arabera. Erasotzaile eta biktima, guztira 156 pertsona artatu zituzten Bizkaiko gizarte zerbitzuek.

Emakumeen kasua nabarmendu du Etxeberriak. Kasu gehien-gehienetan, amari oldartzen zaizkio seme-alabak. Alabak, gero eta gehiagotan. 2010ean diputazioak identifikatutako 49 erasotzaileetatik, hogei ziren emakumeak; 2009an, zazpi ziren, eta, horrenbestez, urtebetean ia hirukoiztu egin da alaba erasotzaileen kopurua. Nolanahi ere, semeak dira oldartzen diren gehienak; 29 kasuren berri izan du diputazioak aurten —2009an, hemezortzi seme erasotzaile atzeman zituen—.

Bizkaiko gizarte zerbitzuen 2010eko jardunaren balantzea aurkeztu zuten atzo Gizarte Ekintzako diputatu Juan Maria Aburtok eta Gizarteratze zuzendari Jon Etxebarriak. Pertsona gehiagok jo zuten iaz zerbitzu eske; 2009ko datuekin alderatuta, 9.500 pertsonak baino gehiagok.

Mila adingabe ingururi eman zieten zerbitzua iaz Bizkaian. Tartean ziren atzerritik inor gabe etorritako gaztetxoak; 350 heldu ziren guztira, aurreko urtean baino %5 gehiago. Adingabeen egoitzetan 639 gaztetxo zituzten 2010ean —horietako 325 atzerritik inor gabe etorriak—; familietan, berriz, 463 ume zeuzkaten hartuta.

Emakumeen aurkako indarkeriagatik 2.360 laguni eman zieten zerbitzua iaz Bizkaian; andreak eta umeak artatu zituzten. Kasu larrienetan, premiazko etxe bat utzi zieten andreei; horren beharrean izan ziren gehienak, %62, emakume etorkinak ziren.

Oinarrizko errenta gehiago

Krisi ekonomikoak utzi du arrastoa gizarte zerbitzuen balantzean. Familia gehiagok jo zuten 2010ean oinarrizko errentaren eske: 43.128 sendik jaso zuten laguntza hori —36.839 izan ziren aurreko urtean—. Andreak dira oinarrizko errenta jaso zuten gehienak, 25-44 urte artekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.