Gure Esku Dago-k bilera eskatu dio Carlos Urkijori, helegiteagatik

enekoitz esnaola
2014ko ekainaren 1a
17:17
Entzun

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiak Gure Esku Dago dinamikari diru laguntza bat eman izanagatik helegitea jarri duela eta, Gure Esku Dago-k bilera eskatu dio Urkijori. Gainera, gaur zortziko giza katean parte hartzeko gonbitea ere egin dio. 

Gobernu ordezkariaren ustez, instituzio batek ezin du lagundu erabakitzeko eskubidea bultzatzen duen elkarte edo mugimendu bat, erakundeek Espainiako Konstituzioari zor dioten "leialtasunaren" aurka egitea delakoan. Urkijok dio Gipuzkoako Aldundia, aipatutako laguntza emanda, sezesioa "sustatzen" ari dela. Administrazioarekiko auzietako Donostiako epaitegian jarri du salaketa.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bildu eta EAJ taldeek adostu zuten Gure Esku Dago-ri ekainaren 8ko giza katerako aurtengo aurrekontuetatik 100.000 euro ematea.

Markel Olano EAJko batzarkideak adierazi du Urkijo "gezurretan" ari dela, "Gure Esku Dago sezesioarekin eta independentziarekin lotu duelako. Errealitatea bestelakoa da: dinamikak euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen du”. Olanoren arabera, haren helegitea erakunde demokratiko baten erabakiaren aurkako da eta jarrera hori baztertzeko eskatu dio.

Maiatzaren hasieran Espainiako Kongresuko EAJko taldeak gobernuari eskatu zion ken dezala EAEko ordezkari kargutik Urkijo, lana behar bezala egiten ez duela iritzita. "EAEko administrazioei elkarrizketarik eman gabe guztia zelatatzen du", zioen Aitor Estebanek. Gobernuak erantzun zion ez duela erretiratuko. 

2012ko urtarriletik dago postu horretan Urkijo —2004an ere egon zen, hiru hilabetez—, eta 550en bat helegite aurkeztu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.