Independentziaren aurkako aldarria PPren hauteskunde kanpainaren lelo errepikakor bihurtu da. Alde horretatik jo zuen atzo Iñaki Oiartzabalek ere, eta, EAJra ihes egin diezaioketen botoak erakarri nahian, «zentzuzko jendeari» dei egin zion EAJ ez dadin «Bilduren besoetan eror». Haren esanetan, «EAJren gainbehera» geldiaraz dezakete boto-emaile horiek: «Gure herrian atzerritar egin nahi gaituzte, eta hori huts historikoa da».
Uneotan, krisitik ateratzeko irtenbideak proposatu behar dira, Oiartzabalen irudiko, independentziaren aurkako aldarriekin jarraitu du. Oiartzabalen ustez, independentziak «askatasun gutxiago» ekarriko luke, eta Europatik kanpo legoke «pobretuta eta bakartuta». Independentziaren mamuak astintzen jarraitu du: «Enpresen eta ekintzaileen iraupena arriskuan legoke, eta egun ditugun zailtasunei beste batzuk erantsiko litzaizkieke. Muturreko jendeak hartuko lituzke kaleak, eta gehiengoak nahi ez duen proiektua inposatuko luke».
Oiartzabalen arabera, abertzaleak «tematuta» daude, eta Kosovo eta Eskoziarekin parekatzen dute Euskal Herria. Bere ustez, aldiz, «Espainiako erkidego sendonetako» izaten jarraitu beharko luke. «Ez da mugak jartzeko garaia. Elkarrekin eraikitzen jakin behar dugu». Bere ustez, abertzaleek tentsio politikoa areagotu besterik ez dute egin nahi.
«Gure herrian atzerritar egin nahi gaituzte»
Oiartzabalen ustez, «ez da mugak jartzeko garaia», eta eragotzi behar da EAJ «Bilduren besoetan erortzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu