Egunez egun aurrera egin du Aske Guneak. Apirilaren 9tik hasita, espetxera zigortutako gazteak babesten aritu dira herritarrak; pasa den asteartetik, gau eta egun. «Herri harresiaren» erdian dauden gazteak ere bertan daude; atxilotu eta espetxera eraman nahi dituztenak. Atxiloketa edozein unetan gerta daiteke; tarte gutxi dute lasaitasunerako, baina jendearen babesak ematen die indarra. Hala kontatu zuen Aitor Olaizolak, atzo gauean, Ertzaintza Aske Gunera joan zeneko unea: «Etzanda geunden, eta jendea oihuka hasi da. Argiak piztuta, hona etortzen ikusi ditugu. Jende guztiak gu heldu gaitu segituan. Bikoteak muxukatu, agurtu...».
Urduritasunarekin batera, indarra ere nabari zitzaion Egoi Alberdiri, Ertzaintzaren bi furgonetek alde egin ondoren. «Herri harresia sortu da benetan», esan zuen. «Ezin dute gugana hurbildu, ezingo dute gugana hurbildu. Kostako zaie». Oier Lorentek hitz onak baino ez zituen Aske Gunean nabaritu duten elkartasunaz. «Guretzat hau izugarria da. Esan genuen herri harresia eraikitzeko oinarriak jarri nahi genituela, elkartasunetik konpromisora pasatzeko garaia zela, eta erantzuna sekulakoa izan da».
Gaua «gogorra» izan zen Lorenterentzat. «Bitan etorri dira, eta ez genekien atxilotzera zetozen edo ez. Lo gutxi egin dugu, eta tentsio askorekin». «Probokazio hutsa» izan zen Olaizolarentzat Ertzaintzaren jarrera: «Gurekin jolasten ari dira, baina herriaren erantzuna ikaragarria izan da, eta honekin egingo dute topo». Atzo goizean, berriz, Ertzaintza egiten ari zen mugimenduen berri izanda, «oraindik tentsio gehiago» bizi behar izan zuten.
Ibero: «Zuekin gaude»
Pasa den astean atxilotu zuen Ertzaintzak, Aske Gunean, Ekaitz Ibero gaztea. Gainontzeko zortzien auzian absolbitu egin zuten, baina atxilotze agindua emana zuten bere aurka beste auzi batengatik. Ertzaintza gogor oldartu zen Ibero babesten ari zirenen aurka, eta zaurituak ere eragin zituzten. Atxilotu ostean, Martuteneko espetxean sartu zuten preso Ibero. «Martutenetik ere agur bero bat. Zuekin gaude. Gora euskal gazteria». Mezu hori bidali zien atzo Aske Gunean ziren lagunei, Twitter bidez.
«Guretzat, hau sekulakoa da»
Gazte zigortuek esker oneko hitzak baino ez dituzte izan babestera joandakoentzat. Urduri, hunkituta baina indartsu ari dira bizitzen gertatutako guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu