ESK sindikatuak salatu duenez, aldi berean 60 paziente baino gehiago izan ziren Gurutzetako eremu anbulatorioan eta sei egonkortze, paziente oso larriak. ESK-k esplikatu du profesional askoren berehalako arreta behar dutela horrelako eriek. «Hori guztia gertatu zen arratsaldeko txandan bi erizain gutxiagorekin ari zela taldea, eta, ondorioz, pazienteak korridoreetan artatuak izan ziren egun osoan».
Korridoreetan arreta jasotzea «iraingarria» da Osakidetzako erabiltzaileentzat, sindikatuak salatu duenez. «Ekartzen duen intimitate eta konfidentzialtasunaren galera hor dago, eta argi uzten du zuzendaritzek eta kudeatzaileek azken hilabeteetan sarriegi gertatzen ari den arazo baten inguruan duten jarrera».
Gurutzetako Larrialdietako Batzarrak sarritan egin dituen «eskaeren eta mobilizazioen aurrean», zuzendaritzak «erantzun bakarra» eman du orain arte, ESK-k dioenez: «zerbitzuko lantaldea behar bezala dimentsionatuta dagoela». Sindikatuak uste du atzo bezalako gertaerak dauden bakoitzean «gezurtatzen den baieztapena» dela hori Horregatik, sindikatutik berriro exijitu dio Gurutzetako zuzendaritzari «kategoria guztietan lantaldea handitzeko», pilaketa egoera horiek berriro gerta ez daitezen. «Erabiltzaileen segurtasuna eta lantaldearen osasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartu behar dituzte. Izan ere, langile horiek lan karga izugarriak jasaten dituzte».