Korridoreetan gaixoak. Irudi hori ageri zuen atzo Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) larrialdiek. ESK sindikatuak egin du salaketa: atzo eguerdian, 16 eri zeudela pasilloetan, behar adina ohe ez eta. «Kolapsatuta dago larrialdietako zerbitzua, eta ez da gripearen ondorioa». ESK-ko ordezkari Felix Sainzek dio erroko arazo bat dagoela pilaketaren atzean: ez dagoela behar adina baliabide erietxean, eta larrialdietan metatzen direla ospitalera iristen diren gaixoak. «Eta okertu arte ez dute egoera konpontzen».
Kontua ez da berria. Iaz ere, garaiotan, langileek salatu zuten korridoreetan ari zirela lanean, eta protesta egin zuten; abenduan ere azaldu zuten ez dutela baliabiderik eri kopurua handitzen denerako. Egoera horretan, urtarrilean, ospitalearen beste zati bat zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak: 70 ohe eta 14 box. Ez dira aski, oraingo egoera ikusirik. «Oraindik solairu batzuk itxita daude, lanean ari direlako, eta are ohe gutxiago daude», azaldu du Sainzek.
Ospitale osoko arazoa pilatzen da larrialdietan. Oheak gainezka daude erietxean; hala, larrialdietara joan eta ospitaleratzea beharrezko duten pertsonentzat ez dute lekurik. Konponbidea: larrialdietako zerbitzuan edukitzea gaixoak, oheak libratu arte. «Larrialdietako lan karga pilatzen ari da, eta gaixoak ezin dira eraman ohe arruntetara». Arazoa da larrialdietako oheak bete zaizkiela.
Oheak betetzen ari zirela ikusten zuten ospitalean. «Baina zuzendaritzak beti oso mantso hartzen ditu neurriak. Egoera erabat okertu arte egoten dira», salatu du ESK-ko ordezkariak. Sindikatu horren esanetan, astebete badaramate larrialdietan pilatze arazoekin, eta arazoa konpontzeko dauka oraindik zuzendaritzak.
Gaixoak ari dira gehien jasaten egoera hori: «Jende gehixeago jarriagatik ere orain lanean, ezin da zerbitzua duin eman. Galderak egin behar dira, analisiak... Eta hori guztia korridoreetan, jende artean». Eta horrek eragiten die beharginei ere, presio gehiagorekin aritzen direlako lanean.
Konponbidea, unean-unean
Bi aldetatik ari da Gurutzetako ospitalea arazoari aurre egin nahian. Batetik, senda-agiriak azkarrago ari dira ematen gaixoei; ospitalea uzteko moduan daudenei goizean ematen diete agiria, oheak ahalik eta azkarren libratzeko. Bestetik, pertsona hainbat beste erietxe batzuetara ari dira bideratzen, Gurutzetan lekurik ez baitute haientzat. Sainzen iritziko, ordea, neurri horiek ez dira aski pilaketa handia gelditzeko: «Une jakin bateko egoerari aurre egiteko besterik ez dute balio».
Arazoa sakonagoa nola baiten, konponbidea ere tamaina berekoa eskatu dute beharginek. Itxita dauden solairuak ahalik eta azkarren zabaltzea galdegin dute, eta modu eragingarrian antolatzea osasun zerbitzua, larrialdietara ez dezaten jo hainbeste pertsonak. Osakidetzaren asmoen artean badago hori, osasun etxeetako zerbitzua indartzea, ospitaleen lan karga arintzeko. ESK sindikatuak, gainera, eskatu du egokitzeko lan taldea ospitalearen handitzera, egungo egoerak estresa areagotu eta zerbitzua kaskartu egiten dituelakoan. Azken hilabeteetan murrizketen mamua jirabiran dabil Osakidetzan.
Egungo egoeraz kezkatuta, larrialdi zerbitzuen berehalakotasun izaera nabarmendu du Sainzek, eta baliabideak eskatu: «Larrialdietako oheak inoiz ezin dira beteta egon. Gaixoari berehala uzteko moduan egon behar dute».
Gurutzetan gaixoak pasilloetan dituztela salatu dute
Larrialdi zerbitzuko ohe guztiak beteta dauzkate, eta lekurik ez dute eriak artatzeko; ESK-k eskatu du konpontzeko arazoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu