Gutxi, baina nolakoak

Jendetzarik gabe agurtu du Nafarroa hegoaldea Korrikak; parte hartu dutenek, ordea, gogoz eta ausart egin dute korrika

Garikoitz Goikoetxea. Berriemaile berezia / .
2009ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ez zen korrikalari gehiegi izan atzo Korrikan, Erribera eta Erronkari aldean. Asko ez, baina nolakoak haiek! Eguzki galgatan eta aldaparik pikotsuenean, inguruan korrika txanda emateko laguntza handirik gabe aritu ziren, baina, hala ere, aurrera, segi eta segi. Jende gutxi izanagatik ere, ez zen une batez ere lekukoa eramailerik gabe geratu.

Tuteran abiatuta, etengabe dabil herenegun arratsaldeaz gero Korrika aurrera eta aurrera. Antolatzaileak oraindik hunkituta dira tuterarren ongietorriarekin. Herenegun ilunabarra Erriberan barna egin zuen, eta gaua ere han egin du. Emozio uneek ez dute etenik izan, eta Cascanten gertatua gogoan dute furgonetako kideek. Maider neskatoak bere kilometro osoa egin zuen lekukoa eskuan, eta beste bati emateko unea iristean ezezkoan zen neskatila. Negarrez eman zion hurrengoari lekukoa. Gauean ere ez du etenik Korrikak. Antolatzaileak bereziki daude pozik Pitillasenizandako harrerarekin. 03:00etan 60 lagun inguru bildu ziren Korrika egitera, ilusio handiz, bengala eta guzti. Baziren hamar urte Korrika herri hartatik igaro ez zela.

Herri handietan izan ezik, atzo goizean ez zen 60 lagunera heldu Korrikako tropela. Askotan, ordea, kopurua ez da izaten garrantzitsuena. Jende gehiegirik gabe, lagun giroan joan ziren kilometro gehien gehienak. Tartean une benetan hunkigarriak izan ziren. Lerga eta Oibar (Nafarroa) arteko zatian, besoetako haurrak, jubilatuak eta haurdun dauden emakumeak atera ziren korrika. Horien artean zen Tere, 80 urte ingurukoa, eta Korrika handik igaro den aldiro atera dena. Adina gorabehera, ezin izan zuen kilometro gehiegirik egin. Baina hori ere ez zen oztopo izan: Korrikaren furgonetan sartu, eta han joan zen petoa jantzita, txaloka eta korrikalariei animoak ematen. Galipentzuko bidegurutzean, berriz, bat egin zuten adin guztiek: alaba, ama, amona eta birramona elkartu ziren, euskararen alde korrika egitera.

Herri artean, lagun taldeak

Herri batetik besterako tarteak oso zabalak dira Nafarroa hegoaldean. Lasto fardoak, errepide zuzenak eta urruneko mendi gutxi batzuk baino ez dira ikusten inguruetan. Bide horretan koadrilak eta taldeak izaten dira protagonista. Iruñeko Sasoian jubilatu taldeko lagunak izan ziren atzo Eslaba eta Oibar arteko bidea egiten. Elkartearen izena ongi defendatu zuten. Arrano Taldekoak, eta hainbat enpresatako langileak ere han izan ziren.

Herri bakanetara iritsitakoan, ordea, leher egiten du festak. Bizilagun gehienak herri sarreran edo metro batzuk lehenago egoten dira Korrikaren esperoan, haren atzetik euren herrian korrika egiteko. Horixe bera gertatu zen Oibarren. Herriko bidegurutzean zain ziren herritarrak, Manuel Martinez alkatea buru. Herriguneraino iristeko aldapa nekez igo zuten, baina amaieran ziren oibartarren animoek lagundu zieten. Eskolako haurrak zain-zain ziren korrikalariak noiz helduko. Ilaran txukun jarrita zeuden, eskolan beren eskuz margotutako petoak jantzita zituztela. Kale malkartsu eta estuak ditu Oibarrek, eta Korrikako furgonetak geldituta zeharkatu zuten herria umeek eta herritarrek.

Goraldi haren ondoren, lasaiunea berriro. Zazpi kilometro baino gehiagora dago Zangoza. Hara bitartean, zelai eta kilometroak luze, lagunartean. Eguerdian, Zangozara sartzeko zubia bistaratzean, bukatu ziren kilometro luze eta beroetako nekeak. Bidea ongi seinalatzen zuen jende oldeak. Korrika egitera ez ziren animatu denak, baina oihuka eta txaloka aritu zitzaizkien Korrikako tropelari, txirrindularienari bezala. Eskolako haurrak ere atera ziren Zangozan, bi urte eskasekoak asko. Lurrean barrena joan zen bat edo beste.

Berriro zetozen kilometro luze eta bakartiak. Zangozarren azken agurra falta zen, ordea. Suhiltzaileen hiru kamioi bide izkinara atera eta sirena hots betean jarri zituzten. Hala ere, guztiak ez ziren geratu herrian. 88 urteko gizon txirrindulari bat batu zitzaion Korrikari Zangozan. Ez zuen belaunetako min handirik, eta kilometro batzuk egin zituen. Bakarrik bidea egin ondoren, istorio berbera izan zuten Irunberrin.

Zelai zabaletik malda gogorrera

Kilometroak aurrera egin ahala, paisaia ere aldatuz doa. Erriberako lur emankor eta zabaletatik, Erronkari aldeko harkaitz sendo eta lur agorretara igaroa zen atzo Korrika. Pirinioak ez dira urrun, eta malda gogorrei aurre egin behar izan zieten korrikalariek. Baina euskararen aldeko indarra atera zuten. Zahar eta gazte, haur eta heldu, izerdi patsetan gora gainditu zuten Corona gaina. Nabaskoze herria gainaren erdian dago, eta herriko gaztetxoek eraman zuten uneoro lekukoa. Erronkari eta Izaba inguruan ere jendea zain zen Korrika noiz iritsiko, eta harrera bikaina egin zioten.

Jendetza handirik gabe, baina gustura eta adoretsu egin zuten Korrika atzo Erribera aldean eta Zangoza inguruetan. Kontua ez baita zenbaki hutsa, nolakoak ere bai baitu zeresanik. Gaur beste kontu batzuk izango dira. Egun berean igaroko ditu Korrikak Iruñea eta Donostia.



Iruñeko Udalak debekatu egin du Burgoen plazako besta

Burgoen plazan besta egitekoa zen gaur, baina Iruñeko Udalak debekatu egin ditu ekitaldi horiek. «Bidegabekeria» salatzeko eskatu die Iruñeko AEK-k herritarrei. Udaletxeko plaza aurrean elkarretaratzea eginen dute 18:30ean. Horrekin batera, «Korrikaz eta euskaraz gozatzera» deitu ditu iruindarrak.



Korrikan parte hartzera deitu du Nafarroa Bai koalizioak

Nafarroa Baik deia luzatu dio Nafarroako gizarteari aurtengo Korrikan parte hartzeko. AEK eta IKAko euskaltegiek egiten duten lanak «berebiziko garrantzia» duela eta nabarmentzekoa dela adierazi du NaBaik. Nafarroan «euskara aldarrikatzeko eta normalizatzeko aukera ederra» da Korrika, koalizioaren ustez.



Euskararen Eguna ospatu dute administrazioetako langileek

Nafarroako Gobernuko, Iruñeko Udaleko, Estatu Administrazioko eta Telefonicako langileek Euskararen Eguna ospatu zuten atzo. Beren aldarrikapenak plazaratu zituzten, eguerdian, kalejiran: D eredua babestu dute, Euskarabidea kritikatu eta administrazioan euskarazko zerbitzua bermatzeko eskatu.



Mark Febrer.Euskara ikasi duen katalana
Bartzelonan hasi zen euskara ikasten Mark Febrer, orain dela zazpi urte. Nafarroara etorri zen gero, ikasitakoa hobetzeko asmoz. Hiru urte daramatza bertan, eta gogotsu dabil jarraitzeko.

«Nafarroara etorri eta ikusi nuen merezi zuela euskara ikastea eta bultzatzea»

G. Goikoetxea

Euskal Herrira etorri aurretik hasi zen euskara ikasten Mark Febrer (Mao, Herrialde Katalanak, 1978). «Jakin-minez» hasi zen euskara ikasten, eta hobetzera etorri zen Euskal Herrira. Hiru urte daramatza dagoeneko Nafarroan, eta jarraitzeko asmoa dauka.

Nondik nora etorri zinen Euskal Herrira eta euskara ikasten hasi?

Menorcan jaio nintzen, eta familia osoa hangoa da. Beraz, euskararekin hasteko ez dut harremanik. Baina hasi nintzen euskara ikasten Bartzelonan. Hara joan nintzen Historia ikastera, eta hango hizkuntz eskolan hasi nintzen orain zazpi urte-edo euskara ikasten. Jakin-minagatik izan zen. Fakultatean ikusi nuen iragarki bat. Betidanik euskal musika entzuten nuen, eta hala hasi nintzen. Berehala euskararen inguruan aurkitu nuen sekulako giroa, bai hizkuntz eskolan eta bai Bartzelonako euskal etxean. Berehala euskarak harrapatu ninduen, eta erabaki nuen hona etortzea, euskara hobetzera. Ez nuen helburu zehatzik; ez nuen neska lagunik edo lanik. Asmoa zen euskararekin harreman sakonagoa izatea, eta horregatik etorri nintzen. Hilabete batzuk edo urtebete ematekotan nintzen. Jada hiru daramatzat, eta jarraitzeko asmoarekin!

Nolakoa izan zen euskara ikasteko ibilbidea?

Kontuan hartu behar dugu Bartzelonan geneukan maila edo exijentzia hemengoa baino baxuagoa dela. Niretzat hasieran jolas baten antzekoa izan zen. Gero, urteak pasa ahala, ikusi nuen nahiko zaila zela. Hizkuntza zaila da, ezin da parekatu beste hizkuntzekin. Ez dakizu nondik hartu gauza asko. Hasieran ez zen oso zaila izan, baina gero ikusi dut nahiko zaila dela euskara menperatzea.

Hiru urte badaramatzazu Nafarroan. Nola ikusi duzu euskararen egoera?

Egia esan, beste gauza bat espero nuen. Agian, idealizatuagoa nuen Euskal Herria, entzuna nuenagatik. Pixka bat ezagutzen nuen Euskal Herria, baina benetan Nafarroara etorri eta ikusi nuen egoerak harritu ninduen. Ikusi nuen merezi zuela euskara ikasteak eta bultzada bat emateak. Ikusi dut zein den benetako egoera hemen: Ikastetxeetan ikasteko edo komunikabideetan laguntzak jasotzeko, benetan lotsagarria da egoera.

Aurtengo Korrikako omenduak izango zarete euskara ikasi eta hura transmititu duzuenak. Zer deritzozu?

Ongi. Uste dut oso ideia edo helburu ona dela. Euskal Herrian badago jende asko ez dakiena euskara. Ez da bakarrik ez jakitea, baizik eta ez duela inongo asmorik euskarara hurbiltzeko. Nik uste dut oso adibide ona garela kanpotik etorri eta euskaldunak garenak.

Aurreko Korrika ikusteko aukera izan zenuen. Zer inpresio utzi zizun?

Korrika ezagutzen nuen entzunez. Ikusi nuen sekulako giroa zegoela Korrikaren inguruan, eta erakunde askok parte hartzen dutela Korrikan. Benetan, euskarari laguntza emateko tresna ona da. Aurreko ekitaldian, parte hartu nuen azken kilometroan. Aurten ere modu batean edo bestean zer edo zer egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.